Ur Apalategi, idazlea: “Nire kontuen helburua, egia izan baino, egiaren sentsazioa ematea da”

Ur Apalategi, idazlea: “Nire kontuen helburua, egia izan baino, egiaren sentsazioa ematea da”
2015/03/03 00:00
eta kitto!

- Zergatik nobelak egitetik ipuinetarako jauzi hau?
Bi nobela jarraian idatzi ondoren, banuen zeozer berria egiteko asmoa, erronka berri bati ekitekoa, eta horrek aldaketa eskatzen zuen. Pertsonalki, gainera, ipuina hobeto egokitzen zen nire bizimodu berriari: bi haurrekin, denbora malguago erabiltzeko aukera eskaintzen zidalako.

- Zer islatu nahi izan duzu ipuin liburu horretan?
Liburuaren gaia sakona da eta errealitatetik ihes egin eta fikziora jotzeko dugun beharra adierazten du. Eguneroko bizitzan horretarako zinera edo/eta literaturara jotzen badugu ere, hortik aparte beti asmatzen ditugu istorioak eta gure bizitzan etengabe ari gara gidoiak egiten. Egoera ezberdin horiek gure burua sendatzeko ere balio dute.

- Idazmena eta harremanak, zure lanetako ia betiko gaiak. Bereziki interesatzen zaizkizu?
Egia da. Betidanik sortu dit interesa giza-harremanak zelan kudeatzen ditugun. Gai unibertsala deritzot; hori bai, nire ikuspegitik lantzen dut. Idazmenarena pertsonalagoa da: idazleak pertsonaia erakargarriak iruditu zaizkit beti, potentzialitate handikoak eta joko asko ematen dutenak.

- Zer dago fikziotik eta zer errealitatetik ipuinotan?
Dena da egia eta, aldi berean, dena gezurra da. Kontatzen dudana bere oinarrian egiazko bizitza da, egiazko sentipenekin: ez literalki, baina ezta asmatutakoa ere. Hori egiatik. Eta dena gezurra dela defendatzeko, esango nuke helburua ez dela egia kontatzea, baizik eta egiaren sentsazioa ematea. Horretarako erabiltzen ditut hainbat tranpa eta mozorrotzen dut errealitatea.

- Gertuko proiekturik bai? Zerekin diharduzu egun?
Gauza gutxi. Unibertsitateko zurrunbiloan nago sartuta eta hainbat ardura hartu ditut gure sailean. Unibertsitateko artikuluak besterik ez ditut egiten. Hori bai, literaturari buruzkoak direnez, betebehar hori dibertigarria ere egiten zait.