Xabi Solano, Esne Beltza: “Gogo biziz dihardugu `Gorago Tour´ biraren izenaren esanahiari jarraituz”

Xabi Solano, Esne Beltza: “Gogo biziz dihardugu `Gorago Tour´ biraren izenaren esanahiari jarraituz”
2015/06/11 00:00
eta kitto!

- Zelako kontzertua eskaintzeko asmoa duzue? Azken diskoko abestiekin zatozte?
Denetarik, gure disko guztietako lanekin etorriko gara, nahasketa bat egiteko. Gainera, bi taldekide berri sartu dira taldean eta horiek egokitze fasean dihardugu: Pini abeslariak Gorka Suairen tokia hartu du eta tronpetarekin Aitor Valcarlos dator Arkaitz Sistiaga ordezkatuz.

- Aurretik Eibarren jo duzue noizbaiten? Gogoratzen duzu non?
Bai, bai, hor egonda gaude. 2009an zela uste dut. Eta orduan ere herriko plazan izan ginen, hor, Untzagan.

- Gorago Tour bira Ondarrun hasi zenuten apirilaren 24an. Zelan joan da orain artekoa?
Oso ondo. Japonian ere egon gara, hirugarren aldiz, eta sei kontzertu eman genituen ekialdeko herrialde horretan. Asko maite gaituzte eta hango jaialdietan jende mordoak gure abestiak euskeraz abesten ditu. Alemaniara ere joango gara abuztuan, beste lau kontzertu emateko. Bartzelona ere bira barruan dago, Euskal Herriko eta inguruko beste herri askorekin batera.

- Eibarren jo eta hurrengo egunean Araba Euskaraz-era, ezta?
Bai, hilaren 14an hitzordua dugu Mendizorrotzan. Gustatzen zaizkigu horrelako ekitaldiak: aurretik ere Kilometroak-en abestia egin genuen eta izan gara Donostiako Piratak, Gazteherria, Udalbiltza, presoen sostengurako elkarteek... antolatutako hainbat kontzertu eskaintzen.

- Bazabiltzate hurrengo diskorik prestatzen? Noizko kalean?
Badihardugu, bai. Noiz kaleratuko dugun ezin dugu aurreratu, baina hemendik urtebetera baino lehen aurkezteko asmoa dugu. Dena dela, zein unetan izango den ez da erraza orain esatea.

- Taldeak urte hauetan zelako bilakaera izan duen eskatuko banizu...
Lagunartean hasitako ekimena izan zen gurea eta, espero ez genuen indarra hartu badu ere, gustora jarraitzen dugu egiten dugun musikarekin. Ez gara baztertu hasierako bidetik... Egia da zeozer ikasi ere ikasi dugula eta gure azken lanak hasieran egiten genuenetik ezberdinak direla... baina inork ezin du esan ez garela beti Esne Beltza izan. Hori da gure ezaugarri nagusia!

- Zelan ikusten duzu euskal musikaren gaur egungo egoera?
Nahiko ondo. Gero eta talde gehiago dago, estilo desberdinetakoak gainera, eta goruntz egin duela esango nuke. Pegarik ipintzekotan, esan didazun “euskal” horri buruz... talde gazteen artean euskara baztertu eta letretan ingelesera errazegi jotzen dela esango nuke.

- Zer espero dezakete zuen jarraitzaileek biharko kontzertuan? Ezustekorik?
Betiko moduan, eman dezakegun onena. Gogo handiz gatoz, biraren izenak dioen moduan “Gorago” egiteko asmoarekin. Guztiok gozatzeko ordu eta erdiko apostua izango da gurea. Ezustekoak? Horrelakoak ezin dira kontatu.