Foballak asteburu betea eskainiko dizkie zaleei Eibartik irten gabe

Foballak asteburu betea eskainiko dizkie zaleei Eibartik irten gabe
2017/11/24 eta kitto!
1. Mailako Eibarrek Gasteizen jokatuko du bihar eguerdian Alavesen kontra (13:00etan), baina Eibartik bertatik irten gabe ere asteburu oparoa eskainiko digu foballak. Horrela, bihar arratsaldean emakumezkoen Euskal Selekzioaren eta Txekiar Errepublikaren arteko partidua jokatuko da Ipuruan (17:00etan). Domeka eguerdian, bestalde, emakumezkoen 2. Maila Nazionaleko Eibarrek Athletic-en bigarren taldea jasoko du (12:30ean) lidertza jokoan izango den partiduan. Mutilen taldeek ere neurketa garrantzitsuak jokatuko dituzte Eibarren: jubeniletako Ohorezko Maila Nazionalean Eibarrek Osasuna hartuko du bihar 16:00etan, kadeteetako Euskadiko Ligako Eibarrek Antiguokoren bisita izango du domekan 15:45ean, eta Erregional Gorengoen mailan Eibar Urkok Beasain hartuko du domekan 18:00etan. Bestalde, 2. B mailan jokatzen duen Vitoriak, Eibar FT-ren filialak, Beasain izango du aurkari etzi 16:15ean.
Bestelako kirolei dagokionez, waterpoloak ere jardunaldi interesgarria eskaintzen digu: Euskal Herriko 1. mailako partiduetan, bi talde seniorrek Orbea kiroldegian jokatuko dute: gizonezkoenak Claret Askartza hartuko du bihar 20:25ean, eta emakumezkoenak Bidasoa XXI etzi 14:00etan. Eskubaloian, emakumezkoen talde nagusiak Leizaran hartuko du Ipuruan bihar 19:00etan, eta gizonezkoen bigarren taldeak Haritzak, Tolosa B domeka eguerdian (12:00etan). 1. Nazional Mailako Somos Eibarrek Trapagan du partidua, bihar 18:45ean. Errugbian gizonezkoen senior mailako bigarren taldeak Iruña izango du bisitan zapatuan 16:00etan, talde nagusiak domekan Santanderren erronka zaila izango duen bitartean (12:30ean). Eta saskibaloian, 3. mailako norgehiagokan, Katu-Kale Debaraino joango da bertako Electricidad Perosanz-i irabazi eta lidergoan jarraitzeko asmotan.
Asteburuko karteldegi osoa duzue ikusgai ASTEBURUKO KIROL AGENDAN.