La Salleko Bidezko Merkataritzako taldea: “Hemengo familiek egiten duten lanari balioa ematen dio ziurtagiriak”

La Salleko Bidezko Merkataritzako taldea: “Hemengo familiek egiten duten lanari balioa ematen dio ziurtagiriak”
2018, Mai 25

La Salle ikastetxeak ‘Bidezko Merkataritzaren aldeko ikastetxea’ jaso zuen joan den barixakuan. Eva Perosanz, Ander Curiel eta Aitor Arrieta elkarrizketatuek erantzukizun zuzena izan dute lorpen honetan. Urteak daramatzate proiektu solidarioetan lanean eta Proyde-Proega La Salleko GKE-arekin elkarlanean dabiltza oraindik. Hilaren amaieratik aurrera Bidezko Merkataritzako produktuak salduko dituen www.bidezkomerkataritza.proyde-proega.org webgunea kudeatuko dute.

 

– ‘Bidezko Merkataritzaren aldeko ikastetxea’ ziurtagiria jaso berri du La Sallek. Nolako ekintzak egin dituzue gai horren inguruan?

Jende Xumea taldeko kideak ginen iaz eta gure proiektua zen udan Hego Amerikara joatea hainbat egitasmotan laguntzeko. Hainbat ekintza egin genituen bidaia finantziatzeko eta Bidezko Merkataritzako postua jartzen genuen ekintza bat egin behar genuen bakoitzean. Horrela, bertara joaten zirenak Bidezko Merkataritzaren inguruan kontzientziatzen saiatzen ginen. Finantzazioarekin lotuta, barixakuetan La Salle Isasin egiten genituen meriendetan postua jartzen genuen, eta baita urtean behin Untzagan Proega egunean egiten den bigarren eskuko merkatuan ere. Gainera, Bidezko Merkataritzaren inguruko ikastaroa jaso genuen aurretik.

– Hainbat urtetako bidea izan da zuentzat?

Gure kontzientziazioa ez dator iaztik, DBH-ko 3. mailatik gabiltza Proyde-Proegarekin elkarlanean. 7-8 urte daramatzagu honen inguruan lan egiten.

– Gaur egun Proyde-Proegarekin elkarlanean jarraitzen duzue?

Iaz gure taldeko batzuk joan ginen udan Hegoamerikara eta taldeko beste batzuei tokatzen zitzaien, baina ez dira animatu momentuz. DBH-ko 3. edo 4. mailan Tandanacui taldean hasi ginen eta batxilergoko 2. maila amaitzean Jende Xumea taldea sortu genuen. Lau urtez egon gara talde honetan. Urtero ekintza nagusi bat landu dugu, nazioartean zein etxean. Aurten ez genekien ondo zer egin eta Bidezko Merkataritzaren proiektu honetan sartzea proposatu zigun Proyde-Proegak eta horretan ibili gara.

– Atzetik datozenek, zuek baino gazteagoak direnek, zuen bidea jarraitzen dute?

Momentuz ez. Gure bidea jarraitu dezaten ahalegintzen gara, baina gure taldea izan da La Sallen ikasketak amaitu eta oraindik proiektu hauetan jarraitu duen bakarra. 10-11 pertsonako taldea osatzen dugu. Batxilergoko 2. mailakoekin berba egitera joango gara aurten ere, gainera ezagutzen gaituzte, baina ez da egon gu bezala talde oso bat Batxilergoa amaitzean jarraitu nahi izan duena.

– La Sallek jaso berri duen sari edo izendapena jasotzeak bide horretan lagunduko duela uste duzue?

Agian ez du balio gazteak proiektuan parte hartzera animatzeko, baina egiten ari garen lanak esker ona jaso du eta gustora jasotzen dugu. Gainera, hemengo familiek egiten duten lanari balioa ematen dio. Guk produktuak saldu eta sentsibilizazio lana egiten dugu, baina eurak dira produktuak erostera eta informazioa jasotzera datozenak.

– Bidezko Merkataritzako produktuak saltzeko webgunea jarriko duzue martxan. Zuek kudeatuko duzue?

Bai. Webgunea kudeatzeko ikastaroa jaso dugu, eta bertan salduko diren produktuak kudeatzea eta azalduko diren berriak eguneratzea izango da gure lana. Jasotako eskaeren arabera saldutako produktuak batu eta antolatuko ditugu erosleei emateko.

– Nolako produktuak salduko dira?

Denetarik dago. Kafea (Boliviakoa, Perukoa…) eta txokolatea dira gehien saltzen direnak, baina mermelada, arroza, kinoa, gluten bariko jakiak eta beste hainbat produktu salduko dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »