II. Akademien Azoka egingo da azaroan

II. Akademien Azoka egingo da azaroan
2016/10/19 20:57
eta kitto!
Gaur aurkeztu dute Udalaren Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza sailak antolatutako Eibarko II. Akademien Azoka. Azaroaren 12an (10:30etik 20:00etara) eta 13an (10:30etik 14:30era) egingo da azoka, Untzagan, eta antolatzaileek helburu bikoitza dutela azaldu dute: "Alde batetik, azokan parte hartuko duten enpresak herritarrei hurbiltzea, enpresa horiek ezagutzera ematea eta sustatzea eta, bestetik, herritarrek Eibarren ditugun formakuntza zentroak eta zerbitzuak ikustea". Horretarako arlo ezberdinetako gaiak bilduko dituzte: zerbitzuak (hizkuntzak eta ikasketak), terapiak, informatika, gimnasia, eskulanak eta sormenezko tailerrak, besteak beste.
Azokan parte hartu nahi dutenek urriaren 24tik azaroaren 4ra arte izango dute izena emateko aukera eta hainbat baldintza bete beharko dituzte: egoitza Eibarren izatea, akademien alorreko jardueran aritzea eta standa jartzeko baimena eman zaion jarduera horri dagokion epigrafean alta emanda edukitzea. Eskaerak Pegoran aurkeztu beharko dira eta nahi duenak eibar.eus webgunean dauka eskaera orria zein baldintzak jaisteko aukera.