Hamabi txarangatako 180 musikari batuko dira gaur Ustekaberen 15 urteak ospatzeko

Hamabi txarangatako 180 musikari batuko dira gaur Ustekaberen 15 urteak ospatzeko
2015/11/28 00:00
eta kitto!
Ustekabe fanfarreak 15 urte betetzen dituela ospatzeko, atzo gauean The Rockos, Los Del Gas, Besteik-pe eta Skapital City taldeek kontzertua eman zuten Untzagan, gaurko ospakizun nagusiari bidea zabaltzeko. Izan ere, gaurko egunari "Txaranga Eguna" deitu diote eta, urtemugaren aitzakiarekin, orain arte herrian ikusi ez den txarangen topaketa antolatu dute, 12 txaranga elkartuta: Ustekabe (Eibar), Mauxitxa (Elgoibar), Irulitxa (Ermua), Gazte (Iruñea), Urolatarrak (Zumarraga), The Joselontxo’s (Do- nostia), Pasai (Pasaia), Kalean (Tolosa), Peña Poteo (Irun), Korapilo (Gasteiz), Guretzat (Por- tugalete) eta Turrutxiki (Ezkirotz). Arratsaldeko 17:30etatik aurrera talde bakoitzak herriko auzo bat girotuko du eta, 19:00ak aldera denak Urkizun bat egin eta jarraian, 19:30ean, 180 musikariak Untzagara igoko dira, kalejiran, denak elkarrekin joten, 20:00etan Untzagan alardea eginda jaia agurtzeko. Horrekin batera, 15 urteetako ibilbideari argazki eta tes- tuekin (denak eibarreraz idatzita) errepasoa ematen dion aldizkaria eman dute argitara etxe guztietara doan banatzeko.