Eibarrek Glasgoweko Celtic hartuko du bihar

Eibarrek Glasgoweko Celtic hartuko du bihar
2015/07/17 00:00
eta kitto!

Bihar (zapatua, hilak 18) 18.00etan, aurkeztuko da Mendilibarren talde berria zaletuen aurrean aurredenboraldiko lehen partiduan, Eibar foball taldearen eta Glasgoweko Celtic taldearen arteko norgehiagokan. Partidua, gainera, berezia izango da, klubaren 75. urteurrena ospatzeko antolatu baita. Hori bai, lehiatuko duten bi taldeen gaur egungo egoera desberdina da, askoz ere errodatuago izango baitira eskoziarrak, euren aurredenboraldia aurreratuta daramate-eta, Champions-eko aurrefaseak jokatu behar dituztelako. Bestalde, giro berezia izango da partiduan: Eskozia la Bravak antolatutako egun osorako hainbat ekitaldirekin batera, Eskozia eta Ingalaterrako 500 bat zaletuk erosi baitituzte sarrerak partidurako.
Udalak ere Eskoziatik etorriko den ordezkaritza hartuko du, gaiteroen banda batekin; aurreskua ere dantzatuko da 11.30ean. Eguerdiko 12.00etan txosna zabalduko da eta Lambrettak eta herri-kirol erakustaldia izango dira, azken hori Ernesto Ezpelta “Bihurriren” eskutik. Jarraian,
13.00etan, Celtic Covers-ek kontzertua eskainiko du Untzagan bertan. Arratsaldean, bestalde, 17.30ean inaugurazio-ekitaldia eta kanoikadaren
ordua izango da.
Lehen Mailarako beste urrats bat
Bestalde, Elxek jarritako helegitea ez zuen onartu Espainiako Kirol Administrazioko Epaitegiak eta, horrela, Ligaren zigorra berretsita, Alacanteko taldea mailaz jaitsiko da. Eibarrek, berriz, ziurtatu du Lehen Mailan arituko dela datorren denboraldian. Elxek, hori bai, azken ahalegina egingo du mailari eusteko eta Auzitegi Nazionalean epaia behin-behinean geratzeko eskatu du. Horrez gain, Eibar KE izan da, Real
Madrilekin batera, Gardentasun Mailan %100 lortu duen talde bakarra. 1. eta 2. mailako taldeei egindako ikerketa horretan, kluben batezbestekoa %44,2 izan da.
Bestalde, Jose Luis Mendilibarren ekipoa hasi da taldea osatzeko fitxaketak egiten eta, horrela, azken egunotan lehenengo laurak iritsi dira
taldera: Keko eskumako hegaleko aurrelaria Albacetetik dator; Antonio Luna ezker hegaleko atzelaria Sevillatik, azken denboraldian Italian
jokatu badu ere; Eddy Silvestre erdilaria Murtziatik dator; eta, orain arteko azkena, Sergi Enrich aurrelariak, Numantzian jokatu zuen iaz.