Gerra garaia gogoratzeko poesia eta kantu errezitala gaur Coliseoan

Gerra garaia gogoratzeko poesia eta kantu errezitala gaur Coliseoan
2012/04/26 00:00
eta kitto!

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko apirilean garatuko diren ekitaldien barruan, gaur 20.30etatik aurrera Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla flamenko abeslariak emanaldi berezia eskainiko dute Coliseoan (sarrerak 7 eurotan salgai). Artista biek gerra garaia gogoraraziko digute, bakoitzak bere aldetik, bertso, abesti eta poesietan oinarritutako saioan. Aipatutako bi lagunen ahotsaz gainera, argazkiak eta bideoak ere izango dira bidelagun, gerra garaiak gure herriari nola eragin zion gogora ekartzeko. Indalecio Ojangurenek eta Castrillo-Ortuostek ateratako argazki zaharrak, gerra garaian Eibarren grabatutako pelikula zaharrak, eta gerrako amesgaizto hura zuzenean bizi izan zuten eibartarren lekukotasunak eskainiko dituzte.
Maialen Lujanbiok, nola ez, bertsoa izango du lan-tresna. Oraingoan ez du izango, hala ere, gai-jartzailerik. Gerrako irudi eta lekukotasunek emango diote hizpidea Lujanbiori. Errepublika garaiko giroa, gerra nola piztu zen, gerra garaiko egoera latza, Akondia eta Kalamuako frontea, bonbardaketa, Eibar erre zenekoa… Juan Pinillak, berriz, bere azken diskoko hainbat abesti ekarriko dizkigu. Flamenkoan aditua da Pinilla eta bere azken lana, “La voces que no callaron”, gerraren inguruko hainbat olerkirekin osatu du. Besteak beste, Gabriel Celaya, Miguel Hernandez eta Antonio Machadoren poesiak ekarriko ditu Eibarrera.