Aldaketen garaian, aldaketa handiegirik ez Eibarren (Eneko Astigarraga soziologoaren kolaborazioa)

Aldaketen garaian, aldaketa handiegirik ez Eibarren (Eneko Astigarraga soziologoaren kolaborazioa)
2015/05/25 00:00
eta kitto!

Aldaketa garaiaren hauteskundeak bezala iragarrita zeuden 2015eko hauteskunde hauek botere mudantza ugari ekarri dituzte leku askotan –Bartzelona, Madril, ...-; baina, egia esan, ez handiegiak Eibarren.
Jakina, 2015eko Udal eta Foru haueteskunde emaitzei buruzko irakurketa asko egin daitezke, baina Eibarren PSE-k berriro ere eutsi  egin dio lehen postuari argi eta garbi, bozka eta zinegotzi kopurua handituz gainera.
Beste udal gobernu askotan bezala, laguntza eta akordioen beharra izango du PSE-k hurrengo lau urteetan gobernatzeko, baina gaur egun PSEri  Eibarko alkatetza kentzeko  gainerako alderdien arteko adostasuna irudikatzea oso zaila egiten da.
Eibarko Udal hauteskundeetan, oraingoan ere, bigarren lekuan Bildu koalizioa ageri zaigu. Baina aurreko udal eta europar hauteskundeetan ezagutu genuen Bilduren olatuak ez du iraupenik izan aurten. Botuak ez ezik, zinegotzi bat ere galdu du.
Hirugarren alderdia, bigarrena Eibarren Foru Hauteskundeetan, eta goraka eginez hauteskunde hauetan, EAJ izan da. Lehen begiratuan badirudi EAJk irabazi dituela Bilduk galdutako bozkak eta zinegotzia. Azkenik, beharbada lorpen puntualak eskuratzeko balioko dion zinegotzi bat lortu du Irabazi-k.
Euskal Herrian emandako joera orokorrari jarraituz, PP-k behera egin du nabarmen eta Eibarko udalean urteetan izan duen ordezkaritza galdu egin du.
Konparagarriak izan ez arren, Foru Hauteskundeetako datuei begiratuta, udal bozketa hipotetiko batean pare bat zinegotzi ekarriko lizkioketen 1.200 bototik gora zenbatu ditu Podemos-en hautagaitza berriak.
Foru hauteskundeetan Eibarren izan diren botuei dagokienez, Podemos-en agerpenaz aparte, ohizkoa den bezala, EAJren emaitzetan ageri den ia 800 botoen aldea, 2.800 udalera vs 3.400 Aldundira, nabarmendu daiteke. Eta alderantziz, aipagarria da Eibarren PSEk 1.200 boto gutxiago lortu dituela Foru Aldundietarako bozketan.
Beraz, orokorrean ia eremu guztietan PSOE-PSE-k emaitza kaskarrak izan arren, lehendik alkatetza izateak ematen duen abantailari etekin ona atera diote De los Toyos-ek eta Eibarko PSE-k.