“Antolinen ortua” (Enrike Sosola)

0    Iritzia 
CDwes76
“Antolinen ortua” (Enrike Sosola)
04 Mar
9:57

Amañakoa da gure supergizona. Jubilatu zen eta ustekabean alargundu. Antolin ipurterrea aspertu egiten da tabernazuloan eta preso sentitzen etxean. Korrikalaria belaunek “kitto” esan zioten arte. Koruan ere badabil, baina ez da nahikoa, zerbait gehiago behar eta ortua jartzea bururatu zitzaion. Terrenoa begiekin jo eta ekin zion lanari. Bai lur eskasa gero. Lur antzua. Hango harri eta hango eskonbroa. Obrako hondakinetatik ezin besterik espero. Baina burugogorra da Antolin. Harriak apartatu zituen neke handiz. Sasiak moztu eta saila garbitu. Belar txarrak kendu. Harmailezko bidea egin aldapan goraeta-behera ibiltzeko. Euri-ura jasotzeko sistema eraiki. Tesnak gordetzeko aterpetxoa. Lurra goxatu ximaurrarekin eta landareak ondo gobernatu ondoren hara miraría: baratzea. Hango barazki,sendabelar eta frutarbolen edertasuna. Ikusgarria benetan. Gorazarre Antolin zuri, eta zure modukoei. Ez baita bakarra. Hainbat dira bazter ahaztuetan ortutxoa jarri dutenak, bere kasa, inolako laguntzarik gabe. Baina hori ez da plana, jakina. Ortularitzak onurak baino ez dakarrelako zahar zein gaztearen bizitza-kalitateari. Hondatutako parajeak berreskuratzeko aukera ere ematen du, Antolinek erakutsitako modura. Beraz, Eibar gero eta zaharrago honetan, gogoa duenari gauzak erreztuz aisialdirako udal ortuak jartzeko garaia iritsi zaigu. Izan ere, ez gara denok superheroiak izateko jaio.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »