“Berri txarrak” (Ekhi Belar)

0    Iritzia 
CDwes76
“Berri txarrak” (Ekhi Belar)
25 Mar
12:01

“Telebista amatatu, munduan hondamendiak besterik ez dira gertatzen”. Belaunaldiz belaunaldi pasatako jakintza da, tripak ez nahasteko eta eguna ez belzteko erremedioa. Baina ez da erraza, tanke bat topatzen dugu gure kafesnean. Odola non, kamerak han. Etsipen garrasia non, jantxakurren mikrofonoa han. Eta gure kaxa lerdoan eguneroko miseria errazioa. Berri gehienek hortzak erakusten diote zorionari. Zenbat eta zorigaiztokoago, hainbat eta xehetasun lizunagoak. Ezbeharrak dira hedabideen altxor preziatuenak. Ongietorri gure zirkura. Ez zaitez gelditu besteok bizi duten zoritxarra ikusi gabe. Ikusleon bizitza robotizatu eta hutsentzako ihesbidea. Batzuen zorigaitza, pailazo gorbatadunen poza. Txotxongiloak gara garrantzia handirik gabeko gai transzendental batetik bestera jauzi eginez. Hau ezinegona, zulo sakona. Zulo beltza. Beltzez jantzi ziren Berri Txarrak taldeko kideak BEC-n eskaini zuten kontzertu erraldoian. Euskaldunen erdiek baino gehiagok euskal kultura kontsumitzen ez dutela argitaratu eta egun bira, talde nafarrak 10.300 lagun bildu zituen Barakaldon dagoen Bilboko Erakusketa Zentroan. Berria egunkariak emandako informaziori kontrapisua jarri zion Berri Txarrakek, baina batak ez du bestea kentzen. Gau bateko neurrigabekeriak ez du eguneroko ibilera etsikorra suspertuko eta, era berean, gure hizkuntzak bizirik jarraitu nahi du. Bizi ala iraun? Gu barik, ezer.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »