Leire Narbaiza
Leire Narbaiza

Eibarrek irabazteko

2024/06/14

Eibarren obrak iñun baiño luziaguak dira. Urte batzuk dakaguzenok akordatzen gara kiroldegixa egiten zenbat urte emon zittuezen. Coliseoko biharrak be luze jo zeben, udaletxekuak ixa infinituak izan ziran, eta Errebalekuak Escorialekuak lakotxiak. Holan beti.

Askotan obrok geldi egon izan dira, aldamio, garabi eta trepetxuak bertan lagata. Beste batzuetan orube hutsak geratu izan jakuz, eta udalak porlan pixka bat bota eta parkin modoko batzuk jarri izan dittu. Luzienetakua Errebalekua. Baiña esango neuke errekorra laster kenduko detsala Bittor Sarasketa kaleko botatako Sarasqueta taillarren lurrak. Parkin deitzen detsagu, automobillak laga geinkezelako, eta izendatzeko beste modurik ez dogulako topatzen. 

Estaziño kalera Urkusutik juateko, aittatutako kaletik edo Arraguetatik gora egin geinke. Arraguetan beste orube bat dago, ha be luzaruan bertan behera lagata. Hiru bat etxe bota ziran, eta hillietan egon dira hondakiñak jaso barik. 

Leku horretan ez dabe aparkatzeko lekurik jarri. Edo bai. Izan be, hondakin hórren gaiñian zulotzeko makiña itzela egon delako aparkatuta, eta behin harrixak-eta erretirauta, bertan segitzen dau, aire libreko garajian. 

Hilliak juan, hilliak etorri, urtiak pasau leikez holan. Hondamendi natural bat edo gerra pasatako lekuak dirudixe. Herritar askok bista hórrek dakez etxeko bentanetatik, asfaltua eta errepidiak gitxi balitzaz moduan. Zikiña eta narraskerixia nagusi. Arratoiak be ugarittu. Dekadentzixa usaiña bazterretan.

Urkusu inguruko kontuak dira, baiña herrixan zihar gainbehera hau argi ikusten da. Taillar eta eraikin huts abandonauak auzuetan, jausteko puntuan batzuk. Eta zer egiten da? Ezer be ez. Batzuk botatzeko modokuak izango dira, baiña beste batzuk gure historiaren parte, arkitektonikoki gorde biharrekuak. Danetan esku hartzia biharrezkua da.

Eibar bizigarrixa, noizko? Ondare industriala mantendu, eta gozuagua egin herrixa jendiandako. Zergaittik ez aprobetxau orubiok arboladun jardiñak egiteko kerizpe eta bankuekin? Holan eibartarrok irabazle!