Eskola publikoetako ikasleek ez dute Eguen Zuriko desfilea egingo
Hezkuntza publikoko irakasleak greban daude atzo eta gaur eta, ondorioz, eskola publikoek Eguen Zuri egunean egiten dituzten desfileak bertan behera geldituko dira. Ostera, Aspace, Aldatze (nagusiak) eta La Salle Isasiko ikasleak bai irtengo dira kalera 15:15ak inguruan.
Desfilea ohikoa izango ez den arren, gaur jarraipena emango zaio zapatuan koko-dantzekin hasi zen Aratosteetako egitarauari, zenbait ekintza antolatu dituztelako umeentzat.
Jaia 17:00etan hasiko da eta hiru ekintza nagusi egingo dira. Batetik, Jainaga eta Narbaizak kalejira egingo dute Urkizutik Untzagaraino; bigarrenik, Liskerrek erromeria eskainiko du Untzagan; eta hirugarrenik, Untzagan ere, tailerrak egingo dira (karetak eta makilaia Astixaren eskutik). Amaitzeko, 19:00etan, mozorro lehiaketa egingo da Galiziako Etxean.