Haur eta nerabeen koko-jantziek koloreztatu dute Eguen Zuri eguna aurten ere
Hezkuntza Publikoko irakasleen greba tartean, atzokoa Eguen Zuri berezi samarra izan zen. Hala ere, haurren koko-jantzi koloretsuek herriko kaleak bete eta alaitu zituzten, eta ederki ibili ziren Aratosteak ospatzen. Ikastetxeen eskutik egiten den kalejiran eskola publikoetako ikaslerik ez da egon aurten, baina Aspace, Aldatze eta La Salle Isasikoek erdialdeko kaleetan erakutsi zituzten beraien koko-jantzi eta dantzak. Aspaceko hippy taldeak bake-mezuak zabaldu zituen bidean; haien atzetik, Aldatze ikastetxekoek Zetak musika taldearen Mitoaroa ikuskizuna irudikatu zuten; eta La Salle Isasiko ikasle eta irakasleak Salleheroiak bilakatu ziren. Horrez gain, urtero bezala, Urkizutik Untzagara kalejiran joan ziren Adolfo Jainagaren trikitixa eskolakoak, eta Untzagan jarraitu zuen jaiak, arratsalde osoan, Astixakoen eskutik egin ziren maskara-tailerretan eta Lisker taldeak eskeinitako berbenan.
ATZOKO ARGAZKI GEHIAGO HEMEN