Bilduk ospitalearen inguruko inprobisazioa salatu eta bailararako proposamen integrala aurkeztu du

Bilduk ospitalearen inguruko inprobisazioa salatu eta bailararako proposamen integrala aurkeztu du
2018/10/19 eta kitto!
Eibarko Ospitalea astelehenean inauguratuko dute, hilaren 22an, baina 29an hasiko da funtzionamenduan. Proiektua polemikaz inguratuta egon da hasieratik eta oraindik ere ospitalearen gainean zalantza asko daude. EH Bildu kritiko azaldu da gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan eta ospitalearen emandako inprobisazioa salatu du. Hala ere, ospitalea errealitate bat dela kontua izanda, bailararako proposamen integrala aurkeztu du, “beharrizanei erantzuna eman eta Eibar, Mendaro eta Arrasateko ospitaletan kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko”.

Eibarren ez zegoen ospitalea egiteko beharrik”, Rebeka Ubera parlamentariak eta Igone Lamarain eta Gorka Errasti zinegotziek azaldu dutenez. “Hauteskunde kanpaina batean, inolako azterketarik egin gabe egin zen promesa baten ondorioa da, aurrekontu batzuen trukean onarturikoa”. Ospitaleak eraikitzearen aurka ez daudela azpimarratu dute, “baina kalitatezko zerbitzuak eman behar dira eta ezin dugu ospitale bat hutsik utzi”.

Bilduko kideek ospitalearen inguruan esan dena errepasatu dute lehenik. “Eraikitzeko justifikazioa subakutuentzako ohe falta izan zen, subakutu eta kronikoentzako ospitalea egiteko; Mendaron ohe falta zegoela ere argudiatu zuten eta hasiera batetan 84 ohe aurreikusten ziren, baina azkenean 20 oherekin hasiko omen da abenduko bigarren hamabostaldian, kroniko eta subakutuentzat; Torrekuako anbulatorioarekin, izpiekin eta EAG zerbitzuarekin zabalduko da; Eibarko osasun zerbitzu gehienak ospitalean birkokatuko dira; hasiera batean esan zuten 200- 300 lanpostu berri sortuko zirela eta orain 97 izango direla, baina ez dute argitu horietatik zenbat diren lehendik indarrean ziren osasun zerbitzuetatik datozenak eta zeintzuk sortuko diren lanpostu berriak; hirugarren solairua hutsik geratuko da; ospitaleko erabiltzaile eta familiakoek ezin izango dute parkinga erabili eta ez dakigu garraio zerbitzurik egongo den; eta, azken berrien arabera, ospitaleko sarrera nagusiaren atetik ez dira anbulantziak sartzen eta geletan gurpildun aulkiak ere ez”.

Bilduko ordezkarien arabera, “guzti hau aurreikusten genuen eta zoritxarrez bete egin da”, eta alderdia Aldundian zegoenean hainbat proposamen egin zituela gogoratu dute (“75 plaza soziosanitario sortzea, ospitalea eraikitzeak zerbitzuetan eta pertsonalean murrizketarik ez eragitea, eta zerbitzuek kudeaketa publikoa izatea”). Hala ere, ospitaleak bere bideari ekingo dion une honetan, eskakizun hauek osatu eta bailararako proposamen integrala egingo du Bilduk.

 

Bailarako ospitaleentzako proposamenak

Eibarko ospitaleari izaera soziosanitarioa ematea proposatzen du Bilduk eta, horretarako, hainbat puntu hartu ditu kontuan. “Hirugarren adinari eta gaixotasun pluripatologikoei begira prebentzioa eta bizitza kalitatea lantzea ikuspegi integral batetik; psikogeriatria izaerako 75 plaza soziosanitario gehitzea; ospitalearen antolakuntza eta funtzionamendua etorkizunari begira jartzea ekipo multidisziplinarren bidez; geriatria MIR-a eskaintzea; ‘autonomia gunea’ txertatzea; eta zaintza aringarrien unitatea irekitzea”. Gainera, “Eibarko biztanleriaren zahartzea kontuan izanda”, etorkizunera begira lan egiteko aukera azpimarratzen du Bilduk. “Prebentzioaren inguruan egin beharko litzateke lan, bizi-kalitatea indartuz, dependentzia ez galtzea sustatuz eta Udalarekin elkarlanean bizitza aktiboaren alde lan eginez”.

Mendaroko ospitaleari dagokionez, bestetik, bere indar gunea izan diren arloak gehiago indartzea proposatzen du Bilduk, eta beste ospitale handietara zerbitzuak ez eramatea bermatzea izango da helburua eurentzat.

 

Gardentasun falta

Ospitalearen inguruko inprobisazioa salatzeaz gain, “gardentasun falta” egon dela adierazi du Bilduk. “Ospitalearen inguruko informazio eskuratzeko zailtasunak eduki ditugu. Zeren beldur dira?”, salatu du Rebeka Uberak. Ospitalea kokatzen den lurzoruaren inguruko kontuak argitu gabe geratu direla aipatu dute gainera. “Ez dugu lur kontaminatuarekin zer gertatu den argitzen duen erantzunik jaso eta lursailarekin espekulazioa egon zen”.

Bildulkoek diotenez, “EAJ eta PSErentzat nahikoa da ospitalea inauguratu eta argazkia ateratzea”. Euren iritziz lehenengo ospitalea eraikitzea erabaki zen eta gero barruan zer sartu pentsatzen joan dira. “Eraikina edukitzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoak dira pertsonak”.