Gerrako umeen lekukotasunak grabatuko ditu Badiharduguk

Gerrako umeen lekukotasunak grabatuko ditu Badiharduguk
2012/06/01 00:00
eta kitto!

Gaur goizean Ego Ibarra Batzordeak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, gerrako umeak grabatzeko. Izan ere, Ego Ibarra batzordeak urtarrilaz geroztik dihardu Gerra Zibileko ebakuazio espedizioetan joan ziren ume eibartarrei buruzko informazioa batzen eta, hiru hilabeteko ikerketa lanari esker, 205 umeri buruzko datuak, argazkiak eta agiriak batu dituzte. Gaur sinatutako hitzarmenari esker, oraindik bizirik dauden eta berba egiteko prest dauden gerrako ume horietako 10 elkarrizketatuko dituzte ekaina eta uztaila bitartean. Elkarrizketak Ainhoa Bernabe historialariak egingo ditu eta, Badiharduguk ahozko ondarea jasotzeko beste proiektuetan egindakoaren bidetik, elkarrizketa hauek ere bideoan grabatuko dituzte, "ahal den kasuetan euskeraz, kanpoan egon diren lagunek aspaldiko eibarrera gorde dutelako eta, bestela, gazteleraz". Orain arte gerrako ume izandako 70 bat lokalizatu dituzte, baina euretako askok ez dute bizi izandakoaz berba egin nahi. Horregatik, gaurko aurkezpenean euren lekukotasunak jasotzearen garrantzia azpimarratu dute behin eta berriz eta oraindik zalantzan daudenei elkarrizketak egitera animatzeko eskatzen diete. Elkarrizketetan irtengo diren gogoeta eta bestelakoak hunkigarriak eta kasu askotan mingarriak izango direla jakinda, sentsibilitate haundiarekin jardungo dutela azaldu dute Badihardugukoek. Uda aurretik egingo diren 10 elkarrizketa horien ostean, irailetik aurrera elkarrizketa berriak egiten joateko asmoa daukate, elkarrizketatu nahi diren lagunen baietzak jasotzen joan ahala.