Udal Gobernuak Plan Estrategikoaren garapenarekin duen “utzikeria” salatu du Bilduk

Udal Gobernuak Plan Estrategikoaren garapenarekin duen “utzikeria” salatu du Bilduk
2018/04/23 16:50
eta kitto!
Eibarko Plan Estrategikoaren garapenaren auditoretza propioa egin eta gero, PSEren Udal Gobernuak planarekiko duen utzikeria salatu du EH Bilduk gaur goizean egindako prentsaurrekoan. “PSEk ez du azterketa gainditu”, adierazi dute oposizioko alderdiko ordezkariek. “Plan estrategikoak dituen 73 jarduera-lerro zehatzetatik %25a bakarrik garatu du PSEk”. Udalak bere esku duen tresna garrantzitsuena izanda, PSEk planari jaramonik egiten ez diola salatu du Bilduk.

Plan Estrategikoa 2015 urteaz geroztik dago martxan eta beste zazpi urte ditu Udalak Planeko ekintzak garatzeko. “Ekintza asko 2016 eta 2017an egitekoak ziren eta ez dira burutu”, Bilduk adierazi duenez. “Ez ditugu esperantza handirik presio gabe PSEk bere kabuz aurrera eramango dituenik. Inertziaz gobernatzera ohituta daude”.

 

Planaren lau erronkak aztergai

Plan Estrategikoak dituen lau erronka zehatzen betetzea aztertu du Bilduk eta banan bana xehatu ditu gaur goizean. Igarotza ekologikoan dagoen hiria garatzea da lehen erronkaren ardatza eta, oposizioko alderdiaren azterketak azaltzen duenez, bertan agertzen diren 26 jarduera-lerroetatik 4.5 eraman ditu aurrera Udal Gobernuak. “Hau da, %83a ez du bete”, Bilduren esanetan. “Gainera, jarduera asko Bilduk proposatu izan dituen ekimenen antzekoak dira”.

Bere jarduera ekonomikoak egoera teknologiko berrian birkokatzen dituen hiri bat lortu nahi du Plan Estrategikoaren bigarren erronkak. 20 jarduera-lerro planteatu ziren bertan eta hiru eraman dira aurrera. “Oso garrantzitsuak dira erronka honen barruan dauden jarduerak, Eibarko garapen ekonomikoari lotutakoak direlako”. Lidergo falta nabaria dela azpimarratzen du Planak Bilduren ustez, “baina PSEk ez dio jaramon askorik egin”. Oposizioko alderdiarentzat “premiazkoa” da egoerari buelta eman ahal izateko “gure inguruan” dauden erakunde guztien elkarlana bultzatu eta lidergo erreferente bat sortzea. Zentzu horretan, “30 urteko ibilbidearen ostean”, Debegesaren eguneraketa beharra azpimarratu du.

Hirugarren erronkari dagokionez, pertsonentzako hiri bat, inklusiboa eta lagunkoia lortu nahi da. 21 jardueratik zazpi bete ditu Udal Gobernuak Bilduren berbetan, “eta horietako batzuk Bilduren emendakinen ondorioz”. Erronka honek ere garrantzia handia dauka oposizioko alderdiarentzat, “pertsonak daudelako oinarrian”.

Gobernantza-eredua, gardentasuna, eraginkortasuna eta parte-hartzea dira laugarren erronkaren ardatzak, eta bertan batzen diren sei erronketatik lau bete dira Bilduk esan duenez. Herritarrekin parte-hartze prozesuak sustatu behar direla dio Bilduk, baina euren berbetan, “30 urteko Gobernuaren ostean herritarrei galdetzeko beldur da PSE”.