Alfak 13 behargin kaleratuko ditu

Alfak 13 behargin kaleratuko ditu
2013/07/17 00:00
eta kitto!

Gaur (eguaztena, hilak 17) 14.00ak aldera amaitu den asanbladan beharginek bozkatutakoari jarraituta, Alfa taldearen barruan dagoen APC-ko (altzairu eta aluminio mikrofusioak eta mekanizatuak) 13 behargin kalera joango dira. Enpresak orain egun batzuk mahai gainean ipinitako proposamena honakoa izan zen: aipatutako lantegietako beharginek soldata %8 jaistea edo, bestela, 13 lagun kaleratuko zituela. Proposamena egin orduko kaleratu nahi zituenen zerrenda osatuta zegoen eta proposatutakoa aurreko astean beharginek asanbladan bozkatzeko asmoa zuten, baina lantegiak su hartu zuela-eta asanblada egun batzuk atzeratzea erabaki zuten. Ordurako behargin guztiek zekiten kalera joateko zerrendan zeudenak zeintzuk ziren. Egunotan, eta beharginetako askok soldata jaisteko asmorik ez zutela argi esaten zihardutela ikusita, LAB (4 ordezkarirekin) eta ELA (3 ordezkarirekin) sindikatuetako ordezkariek bi independienterekin batera osatzen duten enpresa komiteak kaleratzeak ez gertatzeko ahalegina egin du eta atzo bertan zuzendaritzarekin bilera egin zuten. Enpresak soldata jaitsierak zuzenean onartu eta inor ez kaleratzeko aukera eskaini zien komitekoei, baina ELA-k beharginek eurek erabakitzea egokiagoa zela esan eta, beraz, behargin bakoitzak zer nahi zuen bozkatuta, hala egin dute gaur Armeria Eskolan egindako asanbladan. Botoak zenbatuta, emaitza honakoa izan da: 87 beharginek euren soldata jaistearen kontra (eta beraz, 13 behargin horiek kaleratzearen) aldeko botoa eman dute, 63 behargin inor ez kaleratzeko eta euren soldata jaistearen aldekoa eta beste bik boto zuria eman dute.