Foru Aldundiak 950.000 euro bideratuko ditu landa garapeneko proiektuak bultzatzeko laguntzetara

Foru Aldundiak 950.000 euro bideratuko ditu landa garapeneko proiektuak bultzatzeko laguntzetara
2021/05/12 08:13
eta kitto!
Dirulaguntzak eska ditzakete Gipuzkoako Udalek, tokian tokiko erakunde txikiek, landa garapeneko elkarteek zein nekazaritza elkarteek eta kooperatibek. Deialdia LandaGipuzkoa ekimenaren barruan sartzen da eta ekimen horren lehentasunezko helburua lurralde oreka sustatzea da. Helburuak dira oinarrizko azpiegiturak (bideak, edateko ur publikoa eta saneamendua) mantentzea eta hobetzea, arrakala digitala murriztea banda zabal ultralasterra hedatuz, jarduera erakartzea, gizarte zerbitzuak optimizatzea, despopulazioa saihestea...

Deialdiaren bidez laguntza ekonomikoa emango da lehen sektorearen sustapenarekin lotutako hainbat jarduketa gauzatzeko: kalitatezko nekazaritza produktuak merkaturatzea, tokiko merkatuak eta banaketa-zirkuitu laburrak sustatuz eta lan horiek erraztuko dituzten azpiegituretarako inbertsioak eginez; makinak eta ibilgailuak erostea, komunitateek eskatutako zerbitzuak emateko eta baserritarren bizi-kalitatea hobetzeko; nekazaritza zerbitzuak modernizatzea eta digitalizatzea, landa eremuaren eta hiri eremuaren arteko arrakala digitala murrizteko, energia eraginkortasuna hobetzea ere kontuan hartuta; eta nekazaritza produktu berriak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko inbertsio proiektu berritzaileak egitea.

Era berean, diruz lagunduko dira honako hauek: landa eremuetan kokatutako ostatuak, gizarte- eta kultura-zerbitzuak zaharberritzeko eta ekipatzeko inbertsioak; landa eremuan enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko jarduerak eta proiektuak; eta elektrifikazioa, zehazki, transformazio zentroak eta behe tentsioko lineak hobetzea eta egokitzea, bai eta lurzoru urbanizaezineko nekazaritza ustiategietarako eta etxebizitzetarako eta landaguneetarako energia hornidurako lineak ere.

Informazio gehiago:  https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2021/05/03/c2102873.pdf. Eskabideak Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira: https://egoitza.gipuzkoa.eus.