Mikel Azkarate, Ogasuneko teknikaria: “Administrazioarekin euskaraz aritzeko kultura soziala zabaldu nahi dugu”

Mikel Azkarate, Ogasuneko teknikaria: “Administrazioarekin euskaraz aritzeko kultura soziala zabaldu nahi dugu”
ETA KITTO 2020, Api 09

Hasi da errenta aitorpena egiteko sasoia eta errenta euskaraz egiteko kanpaina jarri da martxan. Eibarren gutxienez 1.500 errenta aitorpen euskaraz egitea da helburua eta, horrela, iaz egin ziren 1.402 errenten kopurua gainditzea. Mikel Azkarate Gipuzkoako Ogasuneko teknikaria da eta errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainei buruzko informazioa eman digu.

 

– Zein da kanpainaren helburua?

Gipuzkoako Foru Ogasunarekiko harremanetan hizkuntza berdintasunari begira jauzi kuantitatibo bat egitea da ‘Ogasunarekin euskaraz’ ekimenaren helburua. 2023. urtean, fiskalitatearen arloan, 100.000 herritarrez osatutako giza multzo bat Ogasunarekin naturaltasunez euskaraz aritzera iritsi nahi da. Horixe izango da Foru Ogasunaren ekarpena, herritarren artean administrazioarekin euskaraz aritzeko kultura soziala zabaltzeko. Era berean, Gipuzkoako udalen ahalegina estimatzekoa da, aspaldidanik azken xede horretan laguntzen ari baitira, udal hizkuntza zerbitzuen bidez ‘Errenta aitorpena euskaraz’ ekimena antolatuta.

– Errenta euskaraz egiten dutenen kopuru jakin batera heltzea jarri duzue helburu?

Nahiz eta herritar euskaldunen artean aitorpena euskaraz aurkezteko ohitura sustatzea ere helburua den, Foru Ogasuna harago doa: euskaraz ondo moldatzen diren herritarrak eta administrazioa naturaltasunez euskaraz komunikatzea, beti ere haien hizkuntza hautuari jarraituz. Horretarako, gonbita egiten du errenta aitorpenean euskarazko hizkuntza hautua markatu dadin eta, noski, aitorpena euskaraz bete eta aurkeztu dadin.

Datu bat aipatzearren, 2005ean Eibarren 590 zergadunek aurkeztu zuten euskaraz beren errenta aitorpena; 2019an, berriz, 1.280 herritarrek. Beraz, zorionez, oraindik badago irabazteko tartea, kontuan hartuta eibartar asko euskaraz ondo moldatzen direla.

-Urteak daramatza martxan errenta euskaraz egiteko kanpainak. Nolako emaitzak izan ditu?

2004an Gipuzkoan guztira 11.823 zergadunek hautatu zuten Ogasunarekin harremana euskaraz izatea (ia guztiek euskaraz aurkeztu zuten aitorpena); 2019an, berriz, 78.217 herritarrek. Beraz, gora doaz kopuruak. 2023. urterako salto kuantitatiboa egin nahi da, 100.000 herritarrekin naturaltasunez euskaraz komunikatzeko, bai eta haiek aitorpena euskaraz aurkezteko ere.

– Zein bide jarraitu ahal dira errenta euskaraz egiteko?

Une honetan ezin da aitorpena zerga bulegoetan aurkeztu, osasun krisiarengatik itxita daudelako. Interneten bidea lehenetsi da. Orain hiru modutan egin daiteke hizkuntza hautua eta, noski, aitorpena euskaraz aurkeztu: errentako autolikidazio proposamenak telefonoz edo internetez onartzean; Zergabidea plataforman aitorpena prestatzean eta aurkeztean; eta aitorpena gestoriaren bidez aurkeztean. Bestela, errenta kanpainatik kanpo, 030 eredua aurkeztu daiteke internet bitartez, Aldundiaren egoitza elektronikoan, Ogasunarekiko harreman hizkuntza aukeratzeko.

– Errenta euskaraz egiteko baldintza guztiak ematen dira ala toki batzuetan gazteleraz egiteko aukera besterik ez dago?

Ez dago alderik euskaraz edo gazteleraz errenta egiteko garaian. Langileak prest daude bi hizkuntzetan arreta emateko eta izapide guztiak bi hizkuntzatan daude. Telefono arreta ere elebiduna da: zergadunei lehen hitza euskaraz egiten zaie, eta hortik aurrera haien hizkuntza hautuaren arabera erantzuten zaie; webguneko informazio guztia, zerga informazioa, laguntza programak, aitorpena egiteko manuala… guztiak euskaraz lor daitezke. Era berean, Ogasuneko diputatu eta zuzendariak eta Zerga Kudeaketako zuzendariordeak kanpainaren berri emateko egiten duten prentsaurrekoan euskara izan da hizkuntza nagusia.

– Euskara menperatu arren, badago errenta aitorpena gazteleraz egiten duen jendea. Zergatik gertatzen da hori?

Kontuan hartu behar da euskal gizartea historikoki hizkuntza aldetik egoera minorizatu batean egon dela eta, beraz, euskara eremu formaletatik kanpo erabiltzen zela (familia, lagunartea…). Horren ondorioz, azken hamarkadetan hiztun komunitate gisa hizkuntza ohitura berriak ikasten ari gara eremu formaletan: eskolan, lan munduan, administrazioan (eta Ogasunean), interneten…. Bide luzea gelditu arren, norabide onean goaz.

– Koronabirusa dela eta errenta aurkezteko epeak aldatu egin dira. Zeintzuk izan dira aldaketa nagusienak? Aldaketa gehiago egon daitezke?

Errenta kanpainaren iraupena hilabete luzatu da, 2020ko uztailaren 29ra arte. Aurkezteko modalitateak oraingoz telematikoa eta autolikidazio proposamenak izango dira soilik, eta haien hasiera datak mantendu egin dira. Proposamenak onartzeko lehenengo eguna apirilaren 6a izan da, eta telematikoki aitorpenak igortzeko lehenengo eguna apirilaren 15a izango da. Aurten ere herritarrei bidalitako proposamenen kopurua igotzea lortu dugu eta guztira 7.000 proposamen gehiago bidali ditugu. Egoera honetan aurreikusita daukagu telefono arretak bere biziko garrantzia izango duela, aurrez aurreko arretarik ez baita egongo; zerbitzuaren kalitate maila bermatzeko, 28 langile gehiagorekin indartu dugu zerbitzua. Gainera, izapide guztiak telematikoki egin ahal izateko, BAK izeneko klabea lortzeko bidea erraztu dugu eta guztiz telematikoa jarri dugu martxan, eta zergadunak beste norbaiti baimena eman nahi badio, aitorpena aurkezteko (aholkularitzen kasua), ordezkariak izendatzeko modu erraz eta telematikoa ere prest dago. Bestetik, errenta mekanizatua ez dugu bertan behera utzi, baina osasun larrialdiko egoera amaitu arte atzeratu behar izan dugu.

– Neurri bereziak hartuko dira errenta mekanizatua egin ahal izateko?

Errenta mekanizatua nolakoa izango den ez dugu jakingo larrialdi egoera amaitu arte eta lanera zer baldintzatan itzuli gaitezken jakin arte. Baina, jakina, errenta mekanizatuko bulegoak irekitzen ditugunean, bai langileen osasuna eta bai herritarrena bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuta egingo dugu. Ez dugu ahaztu behar errenta mekanizatuak mugitzen duen jende kopurua: 120 langile inguruk parte hartzen dute eta herritarrek joan den urtean ia 75.000 errenta aitorpen aurkeztu zituzten.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »