‘On Ekin’ lehiaketaren VI. edizioa egingo da datorren eguenean

‘On Ekin’ lehiaketaren VI. edizioa egingo da datorren eguenean
2018/07/05 12:25
eta kitto!
‘On Ekin’ enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren VI. edizioa egingo da datorren asteko eguenean 20:00etan Kerizpe Clubean. Bihar amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea eta, momentuz, 8 proiektuk eman dute izena. Lehenik, gizarte eta ekonomia arloko eragileez osaturiko epaimahai batek aurtengo edizioan aurkeztutako proiektu edo ideien balorazioa egingo du; eta bigarrenik, datorren egunenean egingo den afarian proiektu irabazlea aukeratuko da modu demokratikoan, afarira bertaratzen diren pertsonen bozkekin izendatuko delako irabazlea.

Sormena piztu eta ekintzaileen eta enpresen ekimenak babestea da ‘On Ekin’ proiektuaren helburua, eta 35 proiektu inguru garatu dira ordutik. “Euretako asko errealitate bihurtu dira gainera, Eibarrooms adibidez”, azaldu du Vanesa Hortas Ekingune elkarteko ordezkariak gaur goizean egin den aurkezpenean. Proiektu eta ideia berriak bistaratu eta sustatzeaz gain, diru-laguntza jasoko dute proiektu sarituek. Izan ere, sari nagusia lortzen duenak 2.000 euro irabaziko ditu, bigarrenak 1.000 euro eta hirugarrenak 300 euro.

Edozein pertsonak hartu dezake parte ‘On Ekin’ afarian eta, horretarako, ekingune@ekingu.com helbidera mezua idatzi edota 943 507 863 / 688 734 292 telefonoetara deitu ahal da. Gainera, 35 euro sartu beharko dira ES94 2100 1883 9502 0021 0124 kontu korrontean uztailaren 10a baino lehen.