Singular Dendak programarako hitzarmena sinatu du Udalak Merkataritza Federazioarekin

Singular Dendak programarako hitzarmena sinatu du Udalak Merkataritza Federazioarekin
2021/03/31 eta kitto!
Udalak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, aurten ere Singular Dendak programaren edizio berri bat egiteko. Eibarko establezimenduetan kalitate-zigilua ezartzea da ekimenaren helburua, “horrela Gipuzkoako merkataritzaren profesionalizazioa, bereizgarritasuna eta posizionamendua bultzatuz”. Udalak 2.500 euro bideratuko ditu ekimenera.

Iaz gure herriko hiru dendak (Harixan, Eleven Moonth and Beauty eta Ikusi) egin zuten bat Singular Dendak programarekin; beste bi dendak (Lahidalga eta Kopiña) Singular Dendak bereizgarria lortu dute; eta komertzio batek, Ibarkurutze fruta-dendak, lehiakortasuna eta berezitasuna hobetzeko prozesuan jarraitzen du.

Orain arte, 15 dira Eibarren Singular Dendak bereizgarria duten saltokiak: Atelier 11, Casamanía, Guby Gizonak (bi dendak), Salaverria bitxitegia, Lahidalga, Burbujas y Más, Beittu Zentro Optiko eta Entzumenezkoa, Helmet House Concept Store, Muma, Kopiña, Otegui harategia, Corral, Irritsa eta Xare.

Orain dela urte batzuk hasi zen Eibarren garatzen Merkataritza Federazioak bultzatutako programa hau, Eibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta finantzazioari esker. Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziaren berbetan, "Eibarko tokiko merkataritzak kalitate handiko produktu eta zerbitzu ugari eskaintzen dizkie herritarrei, gure hiriarentzat erakargarri direnak. Horregatik, hau bezalako ekimenek, Eibarko merkataritzaren izaera berezi horri balioa ematen diotenek, saltoki txikiei laguntzeaz gain, gure merkataritza-sarea gehiago baloratzen laguntzen dute, eta Eibarko dendetako eskaintza are erakargarriagoa egiten dute bai eibartarrentzat eta baita produktuak erostera beste udalerri batzuetatik datozen pertsonentzat ere".