Toribio Etxebarria Sariei Eibarko enpresa ekimen nabarmenarentzat aitorpen saria gehitu diete

Toribio Etxebarria Sariei Eibarko enpresa ekimen nabarmenarentzat aitorpen saria gehitu diete
2012/12/18 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 18) aurkeztu dituzte udaletxean Toribio Etxebarria Sariak 2012 Miguel de los Toyos alkateak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoa Berrilaneko arduradunak. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa Berrilanek 1990 urtean sortutako sariek guztira 100.000 eurotik gora banatzen dituzte eta Euskal Herri mailan garrantzitsuenak dira enpresa berrikuntza arloan. Aurtengo berritasun nagusia Eibarko enpresa ekimen nabarmenari aitorpen saria aurretik ematen zirenei gehitu diotela da. 23 urte hauetan 500 proiektutik gora aurkeztu dira lehiaketara.
Aurtengo ediziorako kandidaturak aurkezteko azken eguna 2013ko otsailaren 6a izango da eta dokumentazioa (oinarriak, galdeketa, izen-emateko buletina) www.bicberrilan.com webgunean eskuratu daiteke.
Bestalde, sariei buruzko informazio gehiago eskuratzeko BIC Gipuzkoa Berrilanek edozein kontsulta jasoko du bai Eibarren, Azitaingo industrialdean (2. eraikina, 2. solairua) dituen instalazioetan bai Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan (Mikeletegi Ibilbidea, 56; B8 eraikina, 1. solairua), 943000999 telefono zenbakian edo e-mailez, techevarria@bicberrilan.com helbidera idatzita.