Udaleko beharginek plenoan protesta egin dute

Udaleko beharginek plenoan protesta egin dute
2012/02/13 00:00
eta kitto!

Eibarko Udaleko enpresa komiteak gaur goizeko ez ohiko plenoan murrizketen kontrako protesta egin du eta, aretoan zeudenei berba egiteko txanda ailegatzean, beharginen ordezkari batek euren eskaerak jasotzen dituen idatzia irakurri du. Besteak beste, "zerbitzu publikoetan zein beharginen eskubideetan etenbarik eta krisiaren aitzakiarekin egiten ari diren murrizketak" behin eta berriz salatzen dihardutela azaldu du ordezkariak: "Enpresa Batzordeak udalbatzak eta beharginen artean sinatutako hitzarmenak dioena ez dela betetzen salatu du, soldaten jaitsiera, enplegu publikoaren murrizketa eta Elkarkidetzari dagokion kuota instituzionala bertan behera geratzea salatu duen bezala. Gauzak horrela, ez ohiko pleno honetan I. Kapitulua moldatzdea eskatzen dugu, udaleko beharginen erosteko ahalmena berreskuratu ahal izateko". Bestalde, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute eta eguaztenean 12.00etan berriz elkarretaratzea egingo dute udaletxe parean.