ARRATE BERASALUZE: “Boluntarioak berebizikoak dira, baina gobernuek dute konponbidea”

ARRATE BERASALUZE: “Boluntarioak berebizikoak dira, baina gobernuek dute konponbidea”
ETA KITTO 2017, Mar 10

Greziako Lesbos irlaren hegoaldean dago Kios, Egeo itsasoan. Parean du Turkia, “Kontxatik Santa Klara uhartea ikusten den bezala, ia-ia”. Hiru astetan egon zen bertan Arrate Berasaluze, ekainean, Zaporeak proiektuarekin eta Greziako beste hainbat GKE-ekin errefuxiatuei laguntza eskaintzeko asmoz. Bueltatuko da. “Kiosera ziur, baina Atenasera ere bai, mugimendu handia dagoelako han”.

 

-Zergatik erabaki zenuen Kiosera joatea?

Ermuko lagun bat, Julio, eta ni beti genbiltzan joan behar genuela esaten. “Orain edo inoiz ez”, esan genuen azkenean, eta horrela egin genuen, han gertatzen zena ikustera joan ginen. Gure asmoa Lesbosera joatea zen, baina joan baino egun batzuk lehenago Zaporeak ekimenak jendea behar zuela irakurri genuen egunkarian, beraz, deitu egin nien. Eurek proposatzen zutena zen Zaporeakek dituen sukaldeetan janaria prestatzen lan egitea eta gero errefuxiatu-zelaietan janaria banatzea. Hasiera batean gustatu zitzaigun, baina guk ez genuen Zaporeaken boluntario bezala bakarrik joan nahi.

-Orduan, nola egin zenuten?

Gure kabuz hotela hartu eta Kiosera joan ginen. Heldu eta berehala Zaporeaken sukaldeetara joan eta 1.700 pertsonari jaten emateko lanean hasi ginen. Gustatu zitzaigun, baina Julio eta ni ipurterreak gara.

-…

Gure hotelean Toula izeneko emakumea zegoen, guretzat erreferentea dena. Teresa Kalkutakoa bezala ikusten dut! Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) dauka berak han, CESRT. Goizero bilerak egiten zituztela ikusi genuen eta “zer gertatzen da hemen?”, galdetu nion. Boluntario asko heltzen ziren, herrialde askotarikoak, eta, berak esan zigunez, egunero goizeko 9etan bilera egiten zuten eta taula batean eguneko lanak ezartzen zituzten. Orduan, Zaporeakekoei esan nien Toularen taldera batuko nintzela, guzti hori ezagutu nahi nuelako. Hau gehiago gustatzen zitzaidan, errealitatea gehiago ezagutzko aukera ematen zuelako.

-Zertan aritu zinen CESRT-ekoekin?

Bazegoen proiektu bat asko gustatzen zitzaidana, Umezurztegia deitzen ziotena. Bakarrik zeuden haur eta nerabeak jasotzen zituzten, eta han lagundu nuen batez ere. Kioseko hiru kanpamenduetara ere joaten ginen, gazteekin hainbat ekintza egitera. Egunean zehar aske dabiltza eta eskolan inoiz egon ez diren umeak daude euren artean. Ez dakite disziplina zer den, hau da, egunero 8etan esnatzea, gosaltzea, haginak garbitzea… Beste batzuk umezurztegira joaten ziren gazteekin kirola egitera. Kanpamenduak izugarriak dira, oso txarrak, eta umezurztegia izar askoko hotela da horien aurrean. Hala ere, kolore arrosako kartzela da eurentzat, ezin direlako handik irten.

-Eta horretaz gain…

Norvegiako GKE bat ere ezagutu genuen. Errefuxiatuen zentso antzekoa egiten ari ziren. Etxetik batera irten ziren familiak daude, orain sakabanatuta daudenak, beste familiartekoak non dauden jakin gabe. Asko eta asko itsasoan hil dira. Identifikatu gabeko milaka gorpu daude uretan.

-Hori bai, lanean etengabe ibili zinen.

Boluntarioak beharrezkoak dira han, berebizikoak, jende horren bizi-kalitatean ahal den moduan laguntzen dutelako. Baina boluntarioek ez dute arazo honen konponbidea, Europako Gobernuek baizik.

-Kiosetik nora doaz errefuxiatuak?

Pixkanaka-pixkanaka bideratzen dituzte Europako herrialdeetara, baina oso gutxi. Mugak behar den bezala ireki behar dituzte. Bestetik, mafien arazoarekin amaitu behar da. Asko irabazten dute guzti honekin.

-Greziarrek nola bizi dute egoera hau?

Greziarren portaera azpimarragarria da. Eskuin muturra dago, baina baita jende eskuzabala ere. Kioseko ekonomia ondoratu egin da, oso turistikoa izanik, turistek orain ez dutelako bertara joan nahi. Ulertu egin behar da greziarrak egiten ari diren esfortzua.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »