" Bailara bikaina gara eta berriro sinestu behar dugu hori”

2011/10/27 00:00
eta kitto!

-Normalean Debegesa da lehiaketak antolatu eta sariak banatzen dituena. Martitzenean, hala ere, zuri egokitu zitzaizun Eusko Jaurlaritzak banatutako 'Lan onari' saria jasotzea. Arraroa egin zitzaizun egoera?
Egia esan arraroa egiten zait, bai. Arraroa egiten zait normalean gu garelako sariak banatzen ditugunak eta kasu askotan niri tokatu zait horiek banatzea edo zerbait egin duen hari eskerrak ematea. Oraingoan guri tokatzen zaigu eta bai dela arraroa.
-Zer suposatzen du zuretzat Eusko Jaurlaritzaren eskutik sari hau jasotzeak?
Niretzat benetako ohorea da, baina letra larriekin esanda. Maila handiko oroigarria da, Eusko Jaurlaritzak ematen duen oroigarri garrantzitsuena zehazki. Beraz, erantzunkizunak ditu beregan sari honek eta, egia esan, egunero ispiluari begiratzen diozuenean Debegesak orain erantzunkizun handiagoa daukala konturatzen zara.
-1989. urtetik zara Debegesako Zuzendari Orokorra. Zer suposatzen du zuretzat Debegesak?
1989. urtearen amaieran sartu nintzen Debegesan, baina Jose Vicente Urizarbarrena Debegesan aurretik zegoen zuzendari-orokorraren lekuko zoragarria hartu nuen. Jose Vicentek egindako lana jarraitzeak, egia esan, gauzak errazagoak izaten laguntzen du. Zer suposatzen duen Debegesak nietzat? Debegesa nire bizitza izan da 22 urte hauetan lan arloari dagokionean. Alkate asko, eta orain hemen dauden eta Debegesatik pasa diren profesional asko ezagutzeko zortea izan dut. Ibilbide guztia etengabeko erronka izan da bailararen gaineko lanari dagokionean, zehazki, bere sustapen ekonomikoan. Eguneroko lanean eta sustapen ekonomikoan buru-belarri aritzea, bailarako mikroekonomia eta ekonomia sentitzea, talde profesional zoragarria edukitzea eta guzti hoiekin lan egin ahal izatea ederra izan da.
-Zein neurritan izan du eragina Debegesak Debabarreneko garapen sozioekonomikoan denbora honetan?
Zerbaitetan lagundu dugula esango nuke, baina ez nuke jakingo hori kuantifikatzen, ez baitut harroputzaren edo apalegiaren itxura eman nahi. Garapen-agentziek gure bailaren garapenean eragiten dugula pentsatzen dut, zalantzarik gabe. Zergatik? Politika oinarrizko errealitate sozioekonomikora hurbiltzen dugulako, egunerokotasunera, enpresariengana; eta Boletin Ofiziala dagoela dakien eta ikusten ez duen enpresari txikiarengana, eta laguntzak dakien pertsona horrengana edo lan arazoak dituen harengana gerturatzen garelako. Gertu dagoen leihatila gara bailara mailan, Udalek antzerako zerbitzuak badute ere. Bestalde, jarduteko modu berriak sustatzen dituen agentzia bat gara, alkate eta Udalei jarduteko modu berriak planteatzen dizkiena. Eredu sozioekonomiko eta elkarlaneko eredu berrietan jarduteko eskaintzak luzatzen ditugu, besteak beste. Hori da Debegesak eta garapenerako agentziek egiten duguna; eta pentsatzen dut, gutxi bada ere, herri honek gaur egun duen lehiakortasun gaitasunean lagundu dugula. Erreferentzia bat ematearren, Euskadi garapen agentziez betea dago (ia bailara guztietan dago bat) eta Euskadi ondo kokatuta dago Eskualdeen Europa deritzon horretan. Uste dut gure gaitasun lehiakorra estatuaren (Espainia) barruan ere igartzen dela.
-Debegesa 1985an jarri zen martxan. Alde handia dago garai hartatik honera?
Baietz uste dut. Iaz 25 urte bete zituen Debegesak, urriaren 25ean, eta Lehendakaria eta Gizpuzkoako Diputatu Orokorra izan ziren gurean. Orduan, atzera begirada egiteko aukera izan genuen, eta lehen eta oraingo egoeren azterketatxo bat egin genuen. Konparatiba horretan konturatu ginen Debababarrenan aldaketa handia egon dela funtsean, eta ez soilik Debabarrenan, Euskadiko bailara guztietan ere.
-Gaur egunean guztioan ahotan dagoena 'krisi ekonomiko mundiala' da. Nola eragin dio krisiak Debabarrenari?
Modu onean eta txarrean eragin du. Alde txarrari dagokionean, pentsatzen dut bizi genuen amets hortatik esnatu garela. Bertan, uste genuen balore ekonomikoaren katean erdiko postuan geundela gauzak egiten bakarrik, mekanizatzaileak izanik. Gure bailarak amaierako-produktua dauka, makina-herraminta dena, hemen diseinatu, fabrikatu eta komertzializatzen delako. Horrez gain, lehen geneukan produktuak galtzen joan gara. Eibarren, adibidez, amaierako-produktu asko egon izan da: josteko-makinak, etxetresna txikiak, bizikletak, motorrak, armak... Eta hortik, fabrikatzera soilik pasatu ginen. Orain, esnatu egin gara eta balio-kate honen posizio guztiak berreskuratu nahian gabiltza. Hau da, talentua balioan ipintzen dihardugu, urte askotan erakutsi izan dugun talentu hori. Bailara bikaina gara eta berriro sinestu behar dugu hori. Ekintzaileak, balio handiko pertsonak, langileak eta beharrezkoa den edozer gauza ikasteko gai diren jakinduria askoko pertsonak ditugu gure bailaran. Guzti hau berriz berreskuratu behar dugu.
-Zein da Debegesaren papera krisiaren aurrean?
Batetik, kontzientziak astindu behar ditugu eta, bestetik, konponbiderako bideak zehaztu, gure konpobideetarako bideak. Balio eta talentuaz aritu naiz lehen. Debabarrenak, ni Debegesara iritsi nintzenean, Lan Ministeritzaren pean zegoen espezialitate bakarreko Unibertsitate bat zeukan. Orain, hiru espezialitateko Unibertsitatea daukagu (mekanika, elektronika eta energia berriztagarriak) eta EHU-ra atxikitutako beste eskola bat daukagu, IMH, makina-herramintan unibertsitate-maila daukana. Talentu hazkunde hau funtsezkoa da gure bailara sustraitzeko. Horrez gain, formakuntza-profesionaleko bost zentru dauzkagu (publikoak denak, Eibarren bi), heziketa zoragarri eta finarekin. Gainera, ikerketa-zentru bi ere dauzkagu, Tekniker eta Ideko. Debegesak bide horretan lan egiten lagunduko du, bailaran talentua finkatzen, egiteko gaitasuna finkatzen. Bestetik, pertsonentzat lan egitea da gure nahia. Debegesa gaur egun hainbat arlotan dago tematuta: Agenda 21ean, jasangarritasuna balioan ipintzean (garrantzitsua dena eta zalantza gabe portaera sozial berria izango dena) eta gizarte-balioetan. Azken puntu honi dagokionean, asko sinesten dugu gai honetan, apustu handia egin dugu horren alde, hainbeste urtetan izan ditugu gaitasun horien berreskuraketarekin bat dator, eta gizarte-balioen bitartez gizartearen barruan jarduteko beste modu batzuk eragitea da asmoa. Lehen, kalean pertsonen ezagutza handiagoa zegoen; gaur egun, ordea, autistagoak dirudigu, bata-besterakiko hurrunago gaude. Guk balio sozialak berreskuratu nahi ditugu.
-Nola ikusten duzu bailararen etorkizun hurbila.
Ilusio handiarekin. Debabarrenan gertatuko dena gure esku dago, pertsonengan. Gure errealitatearen protagonista zuzenak gu gara. Beraz, ilusio handiarekin ikusten dut, zin dagizulako egun guztietan lan egin nahi duen jendea dagoela, proiektuak ekartzen dizkiguten pertsonak daudelako, Brasil edo Txina bezalako herrialdetara nola joan daitezkeen jendea datorrelako gurera, eta hazkunde horretarako pausoak eman nahi dituzten pertsonak daudelako. Ilusioz ikusten dut, ilusio hori mantentzeko oinarriak jartzen ditugulako egunero. Denbora gutxi barru injeniarien sorta berriak izango ditugu, espezialitate ezberdinetakoak, eta eurengandik asko espero dut; formakuntza-profesionaletik igarotako neska-mutilak edukiko ditugu, baita ere. Azken finean, ilusioa bizirik mantendu behar da eta gure onurarako egin behar dugu lan.