Efren Flores: “Ez dakigu zein aberasten den errefuxiatuen kontura, baina ukaezina da batzuentzat negozioa dela”

Efren Flores: “Ez dakigu zein aberasten den errefuxiatuen kontura, baina ukaezina da batzuentzat negozioa dela”
2019/05/31 eta kitto!
Efren Floresek 25 egun eman ditu Lesbosen (Grezia), horietako lau bidaian (Euskal Herritik Greziara auto bat eramateko). Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin egon da iheslarien esparruan bizi den jendeari jaten ematen. Orain dela urte bi Kios uhartean egon ondoren, esperientzia berri bat bizi izan du 6.000 errefuxiatu pilatuta bizi diren esparruan. Zaila egiten zaio Grezian bizitakoa burutik kentzea, baina argi dauka berriz itzuliko dela.

 

- Nolako sentsazioekin itzuli zara Lesbosetik?

Ondo, eginbeharrak beteta. Beharrak dituen jendearentzat gustora egin dut lan. Hemen lur-hartzea da zailena, ez delako erraza berriz bizimodu normala egiten hastea handik iristen zaizkizun berri eta argazkiekin. Burua Lesbosera doa berriz. Gainera, Europako Parlamenturako hauteskundeetan Grezian egon diren emaitzak ikusita, eskuinak lortu duen garaipenarekin, beldurra dut Greziako hauteskunde orokorrei begira (urrian egitekoak ziren, baina ekainera aurreratuko dituztela dirudi). Eskuinak edo ultraeskuinak irabaziz gero, ikusiko dugu errefuxiatuekin zer gertatzen den. Kontuan izan behar da milaka pertsona daudela iheslarien esparruetan.

- Ez da zure lehen aldia iheslarien esparru batean. Modu ezberdinean bizi izan duzu esperientzia?

Bai. Kiosen, adibidez, errefuxiatuekin egoteko, berba egiteko eta umeekin hainbat ekintza egiteko aukera izan genuen, baina Lesbosen ez. Janaria banatzen laguntzen ziguten emakume afganiarrekin eta janari bila etortzen ziren haurrekin egoten ginen bakarrik. Kiosen errefuxiatuek zuten bizimodu kaskarra hobeto ezagutzeko aukera izan genuen.

- Zentzu horretan, Lesbosen egoera hobea da?

Lesbos uhartean iheslarien hainbat esparru daude, denak militarizatuak. Boluntarioak oso gogaikarriak gara gobernuentzat eta ez dute nahi inork esparru horren barruan gertatzen dena kontatzea.

- Zailtasunak jartzen dizkizuete zuen jarduna betetzeko?

Bai, hilabeteetako lana egin behar izan dugu Lesbosen sukaldea jartzeko eta boluntarioentzat lo egiteko tokia aurkitzeko. Orain, Greziako GKE izateko izapideak bete ditugu eta Grezian arazo barik lan egiteko baimena lortu dugu.

- Autoz joan zinen Greziara. Nolako bidaia izan zen?

Egun batzuk libre ote nituen galdetu zidaten Zaporeakekoek, baten bat behar zutelako Lesbosera auto bat eramateko. Baietz esan nien eta Errenteriako Mikel eta Orioko Danekin joan nintzen. Euskal Herritik Asconara (Italia) errepidetik joan ginen, han itsasontzia hartu eta itsasoan 24 ordu pasa ondoren Patrasera (Grezia) iritsi ginen, handik Atenasera errepidetik eta Greziako hiriburuan beste itsasontzi bat hartu behar izan genuen Lesboseraino. Lau eguneko bidaia izan zen, baina oso entretenigarria.

- Nolakoa izan da zure egunerokoa Zaporeaken sukaldean?

Goizeko 10:00etan sukaldean egon behar ginen, baina goiz esnatzen ginen kirola egin edo buelta bat emateko. Sukaldean sartzen ginenean lanak banatu eta janaria prestatzen genuen. 15:00etan kazolak su minimoan lagatzen genituen, bazkaldu egiten genuen eta 17:00etan etxeetan bizi diren errefuxiatuei jaten ematen dieten boluntarioak etortzen ziren janari bila (150 menu). Ondoren, janaria prestatzen laguntzen ziguten emakume afganiarrak etortzen ziren eta lerroetan jartzen ginen 480 gramoko 1.600 errazioak prestatzeko (800 emakumerentzat eta 600 umerentzat). Burutik kendu ezin ditudan kasuak ikusten genituen. Adibidez bi haur, 4 eta 7 urteko anaiak, eskutik helduta etortzen ziren eta eskerrak eman ondoren joan egiten ziren. Ez zuten gurasorik, ez zuten ezer. Demasa da, oso gogorra, emozionatu egiten naiz pentsatze hutsarekin.

- Antzeko kasu asko ikusi ahal izan dituzu?

Batzuk bai, gauza asko ez dizkigute ikusten laga, ez digutelako esparruan sartzen utzi. Zer ez da pasako hor barruan. Moriako esparruan dauden errefuxiatuen %90 afganiarrak dira eta 6.000 pertsona daude 3.000 pertsonarentzako egindako esparruan.

- Zeintzuk dira errefuxiatuen behar nagusiak?

Denetarik behar dute. Janariaz gain erropa eramateko aukera izan dugu, baina higiene kontuan behar asko dituzte, emakume eta haurrek batez ere. Adibidez, umeei hiru egunetik behin aldatzen dizkiete fardelak. Ura zisterna-kamioietan eramaten diete eta, gutxienez, badute iturriko ura. Bestetik, gure janaria jaso aurretik Greziako ejerzituak jaten ematen die, baina janaria probatzeko aukera izan genuen eta penagarria da. Janari horrek ez du euro bat ere balio. Ez dakigu zein ari den aberasten errefuxiatuen kontura, baina ukaezina da negozioa dela batzuentzat.

- Zaporeakek dituen baliabideak nahikoak dira laguntza eskaintzeko?

Gastu guztiak gure esku hartzen ditugu (sukaldea, boluntarioentzako logelak...), beraz, momentuz baditugu baliabide batzuk, baina ez dira hainbesterako. Adibidez, 150 kilo lekale gastatzen ditugu egunean. Orain dela gutxi Eibarren egin genuen kanpainak erantzun zoragarria izan zuen, benetan eskertzekoa da, baina 1.500 kilo lentejarekin 10 egunerako besterik ez dugu Lesbosen. Zaporeaken webgunean kontu korronte zenbakia jarri dugu eskuragai eta jendearen laguntza eskatzen dugu proiektua aurrera atera eta iheslarien esparruetan lagundu ahal izateko. Zorionez Euskal Herria oso konprometituta dago errefuxiatuen kontuarekin eta, gurean janariari garrantzia handia ematen diogunez, zoragarria da behar handia duen jendeari jaten ematea. Agian beste finantzazio-iturri batzuk bilatu edo kanpainak beste modu batean planteatu behar ditugu laguntza gehiago lortzeko, baina ahal den heinean gure harri-koskorra ekartzen saiatzen gara. Gure asmo nagusia Grezian dauden errefuxiatuei jaten ematen jarraitzea da.

- Lesbosera bueltatzeko asmoa daukazu?

Bai, noski. Ez dakit noiz, baina oso argi daukat Lesbosera itzuliko naizela.