EKHI ZUGASTI“Ondo pasatzeko sortu genuen eMePebo5t”

EKHI ZUGASTI“Ondo pasatzeko sortu genuen eMePebo5t”
2012/05/18 00:00
eta kitto!

-Zer moduz egon zen joan den asteko Untzagako kontzertua?
Oso ondo. Demaseko ilusioa geneukan hasieratik, SuTaGar-ekin jotzeko aukera izango genuelako besteak beste. Jende asko bildu zen, uste genuena baino gehiago, ordua ez zelako ona. 21.00etan zen, SuTaGar 00.00etan hasiko zen, jendea afaltzen egon zitekeen… baina jende asko gerturatu zen, ume asko tartean. Kamiseta asko saldu genuen gainera, beraz, perfektu.
-Rockmeria talde bezala deskribatzen duzue taldea zuen webgunean. Zertan datza horrek?
Ez genekien nola ipini. Kontzertuetan, lehenengo zatian, dantza talde batetik gatozenez, jendeak dantza egiteko kantuak jotzen ditugu. Bigarren zatian, guri gustatzen zaizkigun abestien bertsioak gure erara jotzen ditugu. Orduan, ez da erromeria, baina ez da rock kontzertua ere. Rockmeria berba irten zen, gustatu zitzaigun eta hor geratu da.
-Musika egiten duten dantzariak edo dantza egiten duten musikariak zarete?
Zerbait jotzen saiatzen garen dantzan dakigun lagunak gara.
-Uda ate joka daukagu. Birarik egitea aurreikusten duzue?
Kontzertu dezente daukagu aurreikusita. Adibidez, domekan Deban egongo gara, datorren eguenean Gasteizen, Oletan, Azpeitian, Zarautzeko Eskola Publikoko Jaiean, Eibarren ekainaren 22an, Donostian Groseko jaietan… asteburu beteak ditugu aurretik.
-‘Ay eutsi bero’-k (‘Ay si eu te pego’-ren bertsioa) zerikusia izan dezake?
Baliteke baietz. Bideoak 1.500 ikusle izan zituen lehen 24 orduetan. Guretzat ezin sinistekoa zen. Katu Kale tabernan zerbait hartzen geundenean egindako letra batekin horrelako ohiartzuna lortzea izugarria izan zen. Egin ditugu bertsio gehiago ere, ‘Bizikletia kandau’ (‘The final countdown’-en bertsioa) adibidez. Ingelesezko abestiak euskaratu egiten ditugu. Badugu pare bat abesti gazteleraz eta beste bat katalaneraz, baina gure hizkuntza euskara da ia %100ean. Errastazun handirik ez dugunez ingeleraz abesteko, errazagoa da euskaratzea.
-Pentsatu duzue plazatik diskora pasatzea?
Ez, ez. Ondo pasatzeko egiten dugu hau eta hori igarri egiten da. Taula gainean ondo pasatzen baduzu, behean dagoenak igarri egiten du eta animatzen da. Honek irauten duenera arte jarraituko dugu, serioegi hartu barik.