Gaur aurkeztuko dute "Che, Aitona!, las palabras enterradas" liburua (elkarrizketa)

Gaur aurkeztuko dute "Che, Aitona!, las palabras enterradas" liburua (elkarrizketa)
2018/12/10 11:33
eta kitto!
Gaur, 19:00etan,  “Che, Aitona! Las palabras enterradas” liburua aurkeztuko du Angel Mario Fernandez kazetari eta idazle argentinarrak Portaleko Areto Nagusian. Liburuaren egilea orain dela 12 urte bizi da gure artean, hasieran Eibarren eta orain Soraluzen, eta Espainiako gerra zibilari, Argentina alderako euskal emigraziori eta hauen ondorengoetako batzuen itzulerari buruzko ikerketa sakonaren ostean idatzi du bere azken nobela.

- Bi kulturen arteko topaketari buruzko nobela idatzi duzu, Argentinako Che-a eta Euskal Herriko aitonarena. Ez da kasualitatea izango, ezta?
Gerra zibila dela eta, Debabarrenetik Argentinara ihes egin behar duen 17 urteko mutil baten istorioa da. Azken finean, euskaldun askoren bizipenak dira. Argentinan 3 milioi euskaldun bizi dira, hauen ondorengoak barne. Beraz, euskaldun kopuru handiena duen bigarren herrialdea gara, Euskal Herria eta gero. Jatorri euskalduneko 5 lehendakari izan ditugu, eta 15.000 abizen euskaldun daude. Guzti horretaz egingo da berba datorren astean Portalean egingo dugun aurkezpenean; kultura bien arteko lotura, Euskal Herriko historia –gerra zibiletik gaur arte–, gai konfliktiboak… Eta dena begirada neutral batetik.

- Aurretik hainbat lan idatzita dituzu, 'Las rosas de Anita', 'Hijos del corralito', 'La guerra del agua' edo 'El detective ciego’, esaterako, baina idatzi berrri duzun hau hau zure lanik konprometituena dela diozu.
20 liburu inguru idatzi ditut eta hau zortzigarren nobela da. Haurrentzako ipuinak ere idatzi izan ditut. Konprometituena, dena dela, “Che, Aitona!” da. Ikerketa oso sakona egin behar izan dut –nobela bat izan arren, datu historiko ugari agertzen dira–. Testuetan asko arakatzeaz gain, bailarako jende askorekin egon naiz, beste eibartarrekin ere. Debabarreneko biztanleek kontatu dizkidaten gauza asko isladatuta daude liburu honetan.

- Zer gehiago aurreratu ahal diguzu?
Istorioa bi denboraldi desberdinetan kontatuta dago. Joseba Etxebarria aitonaren perspektiba dago alde batetik: Josebaren aita errepublikanoa izateagatik erahil zuten, eta amak gerratik ihes egitera eta bizitza hobeago baten bila Argentinara ihes egitera “behartu” zuen. Joseba ez da berriro Euskal Herrira bueltatuko. Bestalde, Josebaren bilobaren perspektiba dago, bere aitonak egindako ibilbidea egingo du, 70 urte aurretik gertatutakoa jakiteko. 500 orrialdeko liburua da, eta irakurri dutenek erraz irakurtzen dela esaten dute, Disenu rustikoa dauka, Amazonen dago salgai, Soraluzen dagoeneko hiru lekutan dago salgai, eta Eibarren ere nonbaiten jarriko dugu. Dena dela, gaurko aurkezpenean liburua erosten dutenek deskontu berezia izango dute. Gonbidatuta zaudete!

Che portada