Gorka Gonzalez, Toom-Pak: “Soberan dagoena berrerabiltzen dugu espektakulua sortzeko”

Gorka Gonzalez, Toom-Pak: “Soberan dagoena berrerabiltzen dugu espektakulua sortzeko”
2015/11/05 00:00
eta kitto!

- Nola sortu zen taldea eta zein da zuen arrakastaren gakoa?
Taldea Alcalá de Henares-en (Madril) sei musikarik sortu genuen 2003. urtean. Perkusio taldea sortu eta zerbait desberdina egin nahi genuen. Imajinazioa erabilita, gure asmoa ondo pasatzea eta gure energia jendeari trasmititzea zen. Lokal txiki batean apalki hasi ginen osaba baten pintura-latekin musika egiten, eta gaur egun, nazioarte mailako ibilbidea izan arren, umiltasun osoz jarraitzen dugu gustatzen zaiguna egiten eta jendeari daukagun onena eskaintzen. Sortzaileak sei izan ginen, baina gaur egun 20-25 lagunek osatzen dugu konpainia, eta ikuskizun bakoitzaren tamaina edo formatora egokitzen gara: ez da berdina antzerki txiki batean edo mundu mailako ikuskizun erraldoi batean jardutea. 2014an “Reciclart 2.0” aurkeztu genuen, Marta Torresen zuzendaritzapean, eta Bogotá-ko “Palacio de Deportes”en edo Madrileko “La Latina” bezalako prestigio handiko lekuetan egon gara. Eibarrera ere gogo eta energia handiarekin joango gara; eibartarrei perkusioaren bitartez gure mezua helaraziko diegu.

- Musika, ingurugiroari errespetua eta koreografiak uztartzen dituzue...
Gure lenguaia musika da, eta oso ondo landutako eszenaratzea daukagu. Ikuskizun oso bisualak sortzen ditugu, koreografia eta mugimenduekin. Ikuskizunean dantza urbanoa dago: Break dance, funky eta capoeira. Eta guztiaren oinarrian ingurugiroa dago. Baliabideen ekonomizazioaren aldekoak gara eta ingurugiroari buruzko hausnarketa sortu nahi dugu. Ingurugiroa zaintzen dugu eta horregatik dena berrerabiltzen dugu; Afrikako tribuek bezala, soberan daukaguna aprobetxatzen dugu instrumentoak sortzeko.

- Umeekin ere lan egiten duzue...
2006an hasi ginen umeentzako perkusio eta erreziklaje-tailerrak egiten Madrilen. “La Ciudad de los Niños” proiektuari ekin genion eta “ReciclART SCHOOL” sortu genuen. Umeentzako ikuskizun bereziak egiten ditugu: umeak umorea eta perkusioaren bitartez sentsibilizatzea da helburua.