Liudmyla Gortovliuk (Eibarren bizi den ukrainarra): “Europarekin edo Europa barik, gure bidea egin nahi dugu”

Liudmyla Gortovliuk (Eibarren bizi den ukrainarra): “Europarekin edo Europa barik, gure bidea egin nahi dugu”
2022/03/11 19:08
eta kitto!
Eibarren erroldatuta dauden 15 ukrainarretako bat da Liudmyla. Orain dela 13 urte bizi da gure herrian, bere jaioterritik kilometro askotara, baina pozik. Otsailaren 24ko goizaldean telefono dei batek esnatu eta Ukraina bonbardatzen ari zirela esan zioten arte.

Nola ari zara bizitzen Ukrainaren kontrako erasoa?

Gaizki, oso gaizki. Kezka haundiarekin, tarteka antsietate-atakeak dauzkat. Familia guztia han dago. Behintzat, nire koinata eta ilobak handik irtetzea lortu dugu, orain Polonian daude eta asmoa hona ekartzea da. Baina gurasoak eta anaia han daude. Aiton-amonak, osaba- izebak, lehengusuak... familia osoa, azken batean.

Anaiaren kasuan, ezin izango da handik irten, ezta?

Oraingoz ez du armak hartzeko deirik jaso, bera ez da inoiz egon armadan. Albaitaria da eta horretan dihardu lanean, borrokatik kanpora ere egin beharreko hamaika lan egin behar dira eta.

Non bizi dira zure senideak? Ondo daude?


Fastiv izeneko hirian. Kiev hiriburutik 50 bat kilometrora dago, hegoalderuntz. Errusiako tropak oraindik ez dira han sartu eta nahiko lasai daude, oraingoz. Komunikazioak ez dituzte eten eta egunero egiten dut berba etxekoekin. Baina handik 20 kilometrora hasi dira misilak jausten. Erasoak hasi ziren lehen egunetik sotoan egiten dute lo, zaratak entzuten... Etxeratze-agindua dago ezarrita herrialde osorako. Bestela, janaria erosteko dendak eta supermerkatuak zabalik daude, baina produktu batzuk faltatzen hasi dira, beste batzuk oso urriak dira...

Inoiz pentsatu zenuten horrelako zerbait gertatuko zenik? Espero zenuten Errusiak horrela erasotuko zuenik?

Azken asteotan denon ahotan zebilen zerbait izan arren, azken uneraino inork ez genuen sinisten benetan hau gertatuko zenik, ez behintzat izaten ari den moduan, horren maila zabalean eta hain bortizki. Gehienez Donbass inguruan sartuko zirela uste genuen, erasoaldia han indartuko zutela. Baina beste hiri guztiak horrela bonbardatu eta erasotuko zituztenik? Horrelakorik ez genuen espero.

Zer dela eta erasotu du Errusiak Ukraina?


Gatazka hau ez da atzo goizekoa, oso aspalditik dator. Putinek agintea hartu zuenetik, berak sustatu du liskarra, eta jendeak beste alde batera begiratu eta nahi izan duena egiten laga dio, inork ez dio aurre egin. Konturatu orduko, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izandakoarekin amets egiten duen belaunaldi bat hazi da bestearen atzetik. Errusiar gehienak alde dauzka, ez guztiak, baina ia denak. Mundu guztia beraien kontra dagoela eta defendatu beharra daukatela sinetsita daude benetan, ideia hori oso errotuta daukate. Bielorrusia bereganatzea lortu du, Sobietar Errepublika izandako beste asko ere, batzuk nahi izan dutelako eta, beste batzuren kasuan, berriz, indarkeria erabilita.

Aurretik ere beste eraso batzuk egon dira, ezta?


2014an Crimearen atxikimenduarekin hasi zen. Gero, armada oso-oso ahula zela aprobetxatuta, Errusiako soldaduak sartu ziren Donbassen: hango armada, armamentua... gerra hau izan dute hangoek azken zortzi urteotan, baina Europak ez du ezer esan eta inork ez du horri buruz berbarik egin. Hasieratik Errusiari zigor gogorragoak ezarriz gero, agian Putinek atzera egingo zukeen. Baina, edozer eginda ere, ezer gertatzen ez zitzaiola ikusita, aurrera egiten jarraitu du, orain gauden egoerara ailegatu garen arte.

Gauzak horrela, nola uste duzu erantzungo duela Ukrainak?

Nola erasotu duten ikusita, armak hartu eta aurre egin, defendatu beste aukerarik ez dago. Ukrainako herritarrek ez dute nahi lehengora bueltatzea, badakite horrela bizitzea zer zen. Gazteek atzerrira joateko aukera izan dute, badakite nola bizi diren beste herrialde batzuetan eta beraiek ere horrela bizi nahi dute, aske, errespetuarekin... Europarekin edo Europa barik, ukrainarrok gure bidea egin eta jarraitu nahi dugu, inoren menpe egon barik.

Nola lagundu dezakegu?

Aurreko astean hara bidaltzeko arropa eta gauza mordoa batu genituen eta benetan eskertu nahi diot jende guztiari ematen ari den laguntza, animoak... eskerrik asko bihotz-bihotzez. Une honetan ezin dugu gauza gehiago batu, jasotzen dena gordetzeko tokirik ez daukagulako. Biltegi egokiren bat izan arte ez dugu ezer batuko. Baina gauzak ondo egiteko modua aurkitzen dugunean, nola lagundu jakinaraziko diogu jendeari. Botikak, sendagaiak, kozinatu edo epeldu barik jan daitezkeen gauzak... horiek dira premia nagusiak orain.