Ramon Lizeaga, gaztagilea: "Jendea harritu egiten da dagoen aukera zabalarekin"

Ramon Lizeaga, gaztagilea: "Jendea harritu egiten da dagoen aukera zabalarekin"
2013/01/21 00:00
eta kitto!

- Ardo-dastaketak nahiko hedatu dira azken urteotan, baina nolakoa da gazta-dastaketa bat?
Saioa nahiko modu ludikoan eskaintzen ahalegintzen naiz, jendeak gaztaz disfrutatzeko. Mahai baten gainean moeta ezberdinetako gaztak ipintzen ditugu eta lehenik eta behin jendea jaiki arazi egiten dugu, gaztak ikutu eta usaintzeko, probatzen hasi aurretik. Azken saioan 22 erreferentzia ezberdin izan genituen, denak Euskal Herrikoak. Beraz, horrelako tabla luzearekin gazta suabenetik hasi eta gogorragoetara pasatzen joaten gara. Amaieran jendeak etxean 3-4 ezberdin izateko aukera daukala ikusten badu pozik geratzen naiz.

- 22 gazta ezberdin!
Hala da, bai. Jendea harritu egiten da. Azken batean, gaztagile txikiei jendearengaino ailegatzea oso zaila egiten zaigu, gure gaztak supermerkatutako apaletan galdu egiten dira eta askori ezezagunak egiten zaizkio. Azkenean ezagunen egiten zaiona erosten amaitzen du.

-Nola hasi zinen gazta egiten?
Jakinmiñak bultzatuta, ni kaletarra naiz eta. Artzai eskolara joan eta Aiako baserri batean praktikak egiten egon nintzen. Bertan 6 urte eman nituen morroi. Behin ikasketak amaituta, bakoitzak bere proiektua garatzeko laguntza jasotzeko aukera dauka eta nerekin jardun zuen teknikaria gaztazalea zen. Ikerketa sakona egin genuen, besteak beste errezeta zaharrak berreskuratzen eta bide berriak aztertzen.

- Gaztak aintzinako errezetei jarraituta edo gaur egun egiteko moduari jarraituta egin alde handia dago?
Ezberdintasun handienak gazta egiteko garaian eta ontzean ematen dira. Gaztagintzan, gradu baten aldeak oso emaitza ezberdina izatea eragiten du, aldaketa handia dago mamitzea 31 gradutan edo 32 gradutan egin.

- Zuk gazta moeta ezberdinak egiten dituzu. Nolakoak dira?
Gazta freskoetatik hasi ("Philadelphia"-ren itxurakoak) eta prentsatutakoak, urdina, azala erretakoa… aukera zabala dago benetan.