Xabier Arrieta: “Tontokeriak pentsatzen ditut eta beti okurritzen zait zerbait pegatinak egiteko”

Xabier Arrieta: “Tontokeriak pentsatzen ditut eta beti okurritzen zait zerbait pegatinak egiteko”
ETA KITTO 2019, Eka 07

Xabier Arrieta Aldazabal izan da aurtengo Sanjuanetan alkohol larregi ez edateko mezua umore kutsuarekin zabaltzeko pegatina irabazlea. Ez da lehenengo aldia, inork ez baitu berak beste aldiz irabazi sari hau. “Garagardua zein ardua, ez edan mordua” da berak sortutako pegatinaren goiburua. Sanjuanetan banatuko dituzte pegatinak, paparrean eramateaz gain, mezuari kasu egiteko helburuarekin.

 

– Zenbat aldiz irabazi duzu Sanjuanetako pegatina lehiaketa?

Uste dut aurtengoa seigarren aldia izan dela.

– Xabier Arrieta Saria deitu beharko diogu?

(Barreak) Ez adarrik jo!

– Noiz izan zen lehenengoa?

‘Stop’ seinale bat marraztu nuen eta zera jartzen zuen: ‘Edaten hasteko pronto, geratzeko tonto?’. 20 urte inguru nituen.

– Lehiaketa hau martxan jarri zen lehen urtea izan zen?

Ez, aurretik egin izan zen. Lagun batek irabazi zuen eta berak egindakoa asko gustatu zitzaidanez, animatu egin nintzen. Pegatina umoretsuak egitea, hitz-jokoak… Lehiaketaren ideia gustatzen zait eta beti egoten naiz horrelakoak pentsatzen.

– Lehen aldiz irabazi zenuen momentutik beti hartu izan duzu parte?

Ez. Umea eduki genuenean, batez ere, albo batera utzi nuen pegatina lehiaketarena. Orain, bigarren umea bidean zegoela, jaio aurretik pegatina egiteko aprobetxatu dut. Eta tira, irabaztea lortu dut. Badakit diru-saria zertan gastatu, pixoihaletan.

– Zaila izaten da marrazkia eta aholkua duen mezu umoretsua uztartzea?

Niretzat zailena marrazkia egitea da. Ez naiz diseinatzailea, ingeniari mekanikoa naiz, eta ahal dudan moduan saiatzen naiz. Esaldia, bestetik, errazago etortzen zait burura. Tontokeriak pentsatzen egoten naiz eta beti okurritzen zait zerbait. Askotan gertatzen zait esaldia edukita ere ez dudala oso argi edukitzen nola irudikatu.

– Nola lortzen duzu inspirazioa?

Interneten gauzak begiratzen ditut, ideiak hartzeko. Aurtengo pegatinan hainbat baso-azpiko agertzen dira eta antzeko gauza bat ikusi nuen nonbaiten. Ideia ez da nirea. Botilak edo edalontziak irudikatzen ditugu beti pegatina hauetan eta beste puntu batetik landu nahi izan nuen.

– Arlo teknikoari dagokionez, nola marrazten duzu?

Illustrator programa erabiltzen dut, baina afizionatu mailan. Tutorialak ikusten ditut gauzak ikasteko eta ahal dudana egiten dut.

– Ahal duzuna egiten duzu, baina dagoeneko sei aldiz irabazi duzu lehiaketa hau. Neurria hartu diozu?

Bai, tira. Hasieran eskuz egiten nituen marrazkiak, gero eskaneatu egiten nituen eta azkenik ordenagailuan irudia bete. Hala nolako tresnak erabiltzen nituen.

– Polita da Sanjuanetan jendeak zuk egindako pegatina soinean eramatea?

Bai, baina koadrilakoek adarra jotzen didate pegatina eramango ez dutela esanez. Bestetik, koadrilako lagun batek ere lehiaketa irabazi zuen. “Zuk irabazi baduzu, ez da hain zaila izango”, esan zidan (barreak).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »