...eta kitto!-ren Gabonetako otarra aurkeztu dute

...eta kitto!-ren Gabonetako otarra aurkeztu dute
2016/10/05 13:26
eta kitto!
Gaur eguerdian aurkeztu dute …eta kitto! Euskara Elkarteak, El Corte Inglesaren laguntzarekin, aurtengo Gabonetan zozketatuko duen otarra. Euskara elkartearen izenean jardun duen Maider Aranberrik El Corte Inglesari "eskerrik beroenak" emanez hasi da berbetan, "aurten ere gurekin bat egin eta euren babesa emotea erabaki dutelako. El Corte Inglesak emandako produktuekin 2.000 euroko balioa duen otarra osatu ahal izan dugu eta, aurreko urteotan bezala, denetarik izango du: gozoa, gazia, edariak, kontserbak, hestekiak, turroiak… den-dena kalitatezkoa". Aurten, berritasun modura, telebistaren ordez beste opari bat ematea erabaki dute: "Otarrak aurten izango duen saririk potoloena Errioxako Marques de Riscalek duen Lujuzko hotelean (5 izar) gaua pasatzeko txartela (spa + vinoteca + gosaria barne) izango da". El Corte Inglesa ordezkatzen izan den Maitane Diezek, bestalde, …eta kitto!-ri pozik laguntzen diotela azaldu du, "denda izatetik haratago, betidanik ahalegindu gara herrian antolatzen diren ekitaldiei ahal den neurrian laguntzen eta Eibarren horren ezaguna den …eta kitto!-rekin elkarlanean gustora ibiltzen gara".
Zozketarako txartelak datorren astetik aurrera hasiko dira saltzen, euro baten, ohiko lekuetan: denda, taberna eta hainbat establezimendutan eta, horrez gain, …eta kitto!-ko lantaldea ere asteburuoro irtengo da kalera saltzera. Zozketa, berriz, abenduaren 14an egingo da eta irabazleak 15 eguneko epea izango du saria jasotzeko. Antolatzaileek herritar guztiak zozketarako txartelak erostera animatu nahi dituzte, "horrela ...eta kitto! Euskara Elkarteari laguntza emateko. Izan ere, errifak salduta lortzen dugun dirua urte osoan euskara sustatzeko garatzen ditugun jarduerak antolatzeko erabiliko dugula gogora ekarri nahi dugu eta, beraz, txartelak erosita, sari ederra irabazteko aukera izateaz gain, gure proiektuari lagundu eta babesa emango diote".