Eibarko pentsiodunek dei berezia egin dute astelehenerako, mobilizazioak hasi zirela bost urte betetzean

Eibarko pentsiodunek dei berezia egin dute astelehenerako, mobilizazioak hasi zirela bost urte betetzean
2023/01/13 21:14
eta kitto!
Domekan, urtarrilaren 15ean bost urte beteko dituzte Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Estatuko plataforma askok mobilizazioetan, pentsio publikoak eta kalitatezkoak aldarrikatzeko borrokan. Urte hauetan zehar, eta mobilizazio horiei esker, hobekuntza nabarmenak lortu direla azpimarratu dute pentsiodunek, “hala nola KPIaren konpentsazio gisa % 0,25eko ezarpena gainditzea eta lau urtez ezartzea, eta horrek erosteko ahalmena 4.50 puntu galtzea ekarri zuen. Era berean, pentsiodunak adinagatik zigortzen zituen iraunkortasun-faktorea bertan behera geratu da, pentsio baxuenetan hobekuntza garrantzitsuak lortu dira, eta baita pentsioak inflazioa errespetatuz blindatzea eta KPIa konpentsatzea ere, zehazki, 2003. urterako, kotizaziopeko pentsioen % 8,50eko igoerarekin eta kotizazio gabeko pentsioen %15eko igoerarekin. Kontuan izan behar dugu, era guztietan, 2021. eta 2012. urteetan, 11,22 eta aurreko bi urteetan, gure pentsioek galerak izan dituztela”.

Hala ere, 2023rako ere errebindikazioak geratzen direla gogorarazi dute, hala nola alarguntsa-pentsioetan %100 kobratzea, genero-arrakala ezabatzea eta, jakina, gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea. Eibarko Pentsiodunen Taldetik adierazi dutenez, “astelehenean, hilak 16, Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 70 herri baino gehiagotan, azken bost urteotan izan garen plazetan, gure mobilizazioak oroitzeko eta indartzeko eguna ospatuko dugu. Eibarren 12:00etan ohiko elkarretaratzea egingo dugu Untzaga plazan eta, jarraian, pintxoak jango ditugu. Eibarko pentsiodunak eta bereziki bost urte hauetan gure herrian egindako mobilizazioetan parte hartu dutenak gurekin bat egitera gonbidatu nahi ditugu”.