Erakundeen aitortza jaso du gaur Roberto Perez Jauregik, polizia batek tiroz hil zuela 51 urte bete direnean

Erakundeen aitortza jaso du gaur Roberto Perez Jauregik, polizia batek tiroz hil zuela 51 urte bete direnean
2021/12/09 20:27
eta kitto!
Udalbatza aretoa bete egin da gaur arratsaldean, orain dela 51 urte, 1970eko abenduaren 8an polizia batek tiroz hil zuen Roberto Perez Jauregi gogoratzeko Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak antolatu duten ekitaldian. Maite Arroitajauregik zabaldu du omenaldia, Lurdes Iriondoren kantu batekin eta, jarraian, Jon Iraola alkateak eta Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak egin dute berba. Bereziki hunkigarriak izan dira Robertoren anaiaren, Jorge Perez Jauregiren berbak. Burgosko prozesuaren kontrako manifestazio baketsuan hil zuten gaztea “Agirre y Aranzabal tailerreko elektrizista” edo “PCEi-ko kidea” izateaz haratago anaia zuela gogoratu du: “Roberto nire anaia nagusia zen, etxeko pasilloan nirekin foballean aritzen zena, ni babestu eta zaintzen ninduen anaia”. Dantzariaren agurraren eta Arroitajauregiren beste pieza baten ostean, Artolazabalek eta Iraolak Perez Jauregi familiari oroigarri bat eta lora-sorta bat emanda itxi dute ekitaldia.

[foogallery id="114485"]

Jarraian, Jorge Perez Jauregi kide duen Eibarko Memoria Taldeak gaurko ekitaldiaren harira egin duen idatzia daukazue.

Eibarko Memoria Taldearen agiria


Roberto Perez Jauregi eibartarra 1970eko abenduaren 8an hil zen, 21 urte zituela, Eibarko herritarren aurka poliziak berbertatik egindako tiroen ondorioz. Tiro horiek modu baketsuan eta masiboan Burgosko Prozesua deiturikoarekin egin ziren herri-mobilizazioetan gauzatu ziren. Auzitegi frankista hartan, besteak beste, hiru eibartar agertzen ziren: Enrique Gesalaga, Jon Etxabe eta Mario Onaindia. Burgosko prozesuak abenduaren 3tik 9ra iraun zuen, eta demokrata guztientzat erregimen frankista beraren aurkako herri-epaiketa bihurtu zen.

Euskal Herri osoan, Espainiako Estatuan, Europan eta munduko beste leku batzuetan izandako mobilizazio gogorrek frankismoa bere asmoetan geldiaraztea lortu zuten, eta epaiketa bera diktaduraren aurkako mobilizaziorik garrantzitsuena bilakatu zen. Herriak lortu zuen antifrankista haiek ez exekutatzea, baina Eibarko manifestari gaztearen bizitza errugabeak ez zuen erreparaziorik izan.

Hil eta zazpi urtera, beraien alde bizitza emandako Burgosko auzipetuak Amnistia Lege batek aske utzi zituen. Horietako batzuek garrantzia izan dute gobernatu duten alderdietan, Memoria konpontzeko legeen aukerak bere eskuetan izanik. Baina bilakaera oso bidegabea izan da Roberto Perez Jauregiren kasuan. Amnistiaren Lege hori bera bilakatu zen “bukaera puntuko legea” frankismoaren krimenentzat. Roberto Perez Jauregiren hilketarako bukaera puntuko legea. Bere heriotzatik 40 urte igaro behar izan ziren, 2010era arte, 68tik 77ra bitartean askatasun eta eskubide demokratikoen defentsan eta aldarrikapenean hil ziren biktimentzako aitorpen ekonomiko txiki bat egiteko.

Memoriaren Lege herabe baten konpentsazio ekonomiko herabeak ez zuen eragotzi duela ez hainbeste, 2008an, lege hori onartuta zela, terrorismoaren biktimentzako plaka bat jarri zenean udaletxearen fatxadan, Robertoren familia aitortzatik kanpo uztea, “terrorismoaren biktima” ez omen zelako. Lehen eta bigarren mailako biktimak...

Gaur, Roberto Perez Jauregiren oroimenezko eta omenezko ekitaldi honengatik Gogora Institutuaren eta Udalaren ekimena agurtzen dugu, poliziaren indarkeriaren biktima dela aitortuz. Urrats bat dela uste dugu, eta horregatik, herritarrei dei egiten diegu omenaldiko ekitaldi instituzional honetara joan daitezen. Bere familiak merezi du.

Konpontzailea izango litzateke, halaber, gure Udalak duela urtebeteko Osoko Bilkurak (2020-12-04) Roberto hil zuten Karmeldarren inguruko plaza (gaur egun izenik gabea) Memoriari eskaintzeko hartutako erabakia martxan jartzea, baita monolito bat jartzea ere, Eibarko herri osoak indar frankisten esku 1936ko bonbardaketetatik hasi eta duela 50 urte arte, bere mobilizazioen ondorioz, jasan zuen eraso kriminala irudikatzen duen une historiko bat oroitzeko. Biktima guztien memoriarako plaza bat.

Memoria delako herri gisa dugun etorkizunaren parte, duela urtebete Udalbatzak hartutako erabakia aktibatzeko unea dela deritzugu, aurkako botorik izan ez arren oraindik martxan jartzeko dagoena.

Eskerrak ematen dizkiegu Gogora Institutuari eta Udalari Omenaldi honetarako erakutsi duten prestutasunagatik.