Emakume zientzialarien lana ezagutarazteko hiru tailer antolatu ditu Udalak barixakurako

Emakume zientzialarien lana ezagutarazteko hiru tailer antolatu ditu Udalak barixakurako
2023/02/08 15:47
eta kitto!
Otsailak 11 ‘Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ dela eta, Udalak hiru tailer antolatu ditu bezperarako, barixakurako. Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren eskutik egingo diren tailerrak 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude eta Errebalgo plaza estalian egingo dira, 17:00etatik 19:00etara.

Antolatzaileen berbetan, “tailerrak dibulgatiboak eta praktikoak izango dira, eta haietan  hainbat emakume ikertzaileren bizitza eta obra nabarmenduko da, bai eta emakume horiek zientziari egindako ekarpenak ere”. Horretarako, hiru emakume zientzialariren ikerketetan oinarritutako prototipoak diseinatuko dira, kimika, fisika edo zinematika bezalako printzipioak erabilita.

Lehen tailerra Rosalind Franklinen figuraren ingurukoa izango da (Erresuma Batua, 1920-1958). Rosalind kimikan doktorea izan zen eta X izpien difrakzioaren erabileraren bultzatzailea, alegia, DNA-rekin eta haren egiturarekin lotutako lan baten egilea. Tailer horretan parte hartzen dutenek maketa bat egingo dute.

Bigarren tailerraren protagonista Mae Jemison izango da (Estatu Batuak, 1956). Kimikan ingeniaria, medikua, eta espaziora bidaiatu zen lehen emakume afroamerikarra da bera. Zientzialari horren lana oinarri duen tailerrean, espazio-suziri bat diseinatuko dute, propultsioari eta erreakzio-printzipioari jarraituta.

Eta hirugarren tailerrak Maria Goeppert-Mayer (Polonia, 1906-1972) izango du ardatz. Zientzialari teoriko fisikoa izan zen eta 1953ko Fisikako Nobel sariaren irabazlea, geruzen konposizio nuklearrarekin lotutako aurkikuntzengatik. Tailerrean modelo atomikoak azalduko dira, eta haur bakoitzak atomo baten maketa egingo du.

Hiru tailerrak Itzamna akademiako kideek emango dituzte, eta haur bakoitzak aukera izango du tailer batean, bitan edo hirutan parte hartzeko. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea; nahikoa izango da umeak Errebalera joatea jarduerak hasten direnerako.

Horrez gain, tailerrak egiten diren bitartean, hiru panel jarriko dira ‘Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatzeko aukeratutako zientzialariei buruzko informazioarekin, eta, hala, emakume horien bizitza eta obra sakontasun handiagorekin ezagutarazteko. Horrela, Udalak Eibarko neska eta gazteen artean ere STEAM bokazioak sustatzen lagundu nahi du.