Matsariako sare elektrikoa aldatzeko lanak gaur hasi dira

Matsariako sare elektrikoa aldatzeko lanak gaur hasi dira
2022/12/13 17:16
eta kitto!
Gaur hasi dira Matsaria kalearen beheko aldean, Ibargaineko bidegurutzeraino doan zatian, argindarraren sarea aldatzeko lanak eta, horren eraginez, inguru horretako aparkaleku batzuk kendu dituzte. Udaletik jakinarazi dutenez, lanak zatika egingo dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

Obrak Estaziño eta Matxaria lotzen dituen trenaren gaineko pasarela handitzeko planaren barruan sartzen dira, geltokia eta Azitain arteko trenbidearen gaineko oinezkoentzako pasealekua eraikitzeko lehen lanen barruan. Azaldu dutenez, “pasarela horrek energia elektrikoaren kanalizazio bat du erantsita,  Ibargain eta Bittor Sarasketa kaleetan dauden transformadoreen konexioaren parte dena. Helburua da sare hori hobetzea eta trazatu berri bat ematea, zeina Ibargain kalearen behealdetik, Matsariaren behealdetik eta Bittor Sarasketaren goialdetik joango den”.

Gainerako sare elektrikoa aldatzeko obrei dagokienez, aurreikusita dago Orbea Haurreskolaren aurrean kanalizazio berria egitea. Urteko azken astean egingo da, zentroaren oporraldiarekin bat etorriz.

Azkenik, sare elektrikoaren kanalizazioa egingo da Bittor Sarasketaren goiko aldean. Horretarako, astebeteko iraupena aurreikusten da, eta urtarrilaren erdialdean egingo da, kale horretan edateko uraren sarea berritzeko egiten ari diren obrak amaitzearekin bat.