Mekolako lehenengo igogailua eraikitzeko hiru enpresa aurkeztu dira

Mekolako lehenengo igogailua eraikitzeko hiru enpresa aurkeztu dira
2023/01/09 21:08
eta kitto!

Hiru enpresa aurkeztu dira, Mekolatik igaroz, Eibarko erdigunea Arratebidearekin lotzeko lehenengo igogailua egiteko. Eskaintzak aurkezteko epea amaituta, hiru enpresa eraikitzaileren proposamenak onartu dira eta orain eskaintza horiek kontratazio-mahaiak aztertuko ditu. Urtarrilean bertan adjudikatuko zaizkio lanak enpresa horietako bati. Obrak 1.825.000 eurotan atera ziren lizitaziora eta 44 asteko epean burutuko dira.

Hilabete honetan adjudikatuko den obran sartuta daude igogailua eta igogailuaren oinarria jartzeko lurzorua prestatzeko obrak. Igogailua Berdintasunaren pasealekutik abiatuko da (trenbidearen gaineko pasealekua, udaletxe ostean) eta Mekola kaleraino iritsiko. Igogailu honen abiapuntua Vildosolaren txalet zaharraren terrenoan egingo den hondeaketaren ondoriozko parke-eremu batean kokatuko da, eta oraingo pasealekuaren kota berean geratuko da.

Bigarren igogailua hurrengo fasean eraikiko da. Lehenengo igogailuaren amaieran pasarela bat egingo da Arratebideraino, eta gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitza-urbanizazio berriaren ondoan kokatuko da. Udala lanean ari da bigarren igogailu horren proiektua prestatzen.

Orain adjudikatuko den igogailuak 11 metroko altuera gaindituko du eta tarteko geraleku bat izango du Mekolako etxeei zerbitzua emateko. Igogailuen proiektua plan zabalago batean integratuko da. Plan horren barruan, parke edo lorategi-eremu zabal bat izango da Vildosolaren txalet zaharra zegoen terrenoetan, eta berriz urbanizatuko da San Juan kalearen atzeko aisialdi-eremua.

Bizilagunekin izandako parte-hartze prozesuaren emaitza
Mekolarako irisgarritasuna igogailu publikoen bidez hobetzeko asmoa, inguruko bizilagunekin izandako parte-hartze prozesuaren emaitza da. Prozesu horretan  izandako bileren ondorioz, igogailuetarako hainbat kokaleku posible aipatu ziren, eta azkenik, prozesuan parte hartu zutenek, eztabaida baten ondoren, behin betiko aukera adostu zuten, proiektua idazteko ardura duen enpresa adjudikaziodunak kontuan hartu duena.

Parte-hartze prozesuan, halaber, Mekola kalerako hobekuntzak planteatu ziren, Ardantzako BOEren urbanizaziotik hasi eta Arratebidearekin elkartzeraino, bai eta inguru horretako trafikoari buruzko hausnarketa egin ere.