Barricadak kontzertua emango du Astelenan azaroaren 24an

Barricadak kontzertua emango du Astelenan azaroaren 24an
2012/10/28 00:00
eta kitto!

Lambretta Klubak eta Udalak antolatuta, azaroaren 24an Barricada taldeak kontzertua emango du Astelena frontoian, 23.00etatik aurrera. Iruñako Txantrea auzoan 1982an sortutako talde ezagunak bere lanik berriena, iaz grabatutako Flechas Cardinales izenburuko diskoa aurkezteko zuzenekoak eskaintzen dihardu eta Eibarren ere izango dugu abesti berriak entzuteko aukera, lehenagotik ezagunak zaizkigun beste hainbatekin batera. Sorreratik Barricada-ren ahotsa izandako Enrique Villarreal "El Drogas"-ek bakarkako proiektu berriari ekiteko taldea iaz laga zuen arren, betiko estiloari eusten dioten Javier Hernández (ahotsa, gitarra eta koruak), Alfredo Piedrafita (ahotsa, gitarra eta koruak), Ibon Sagarna "Ibi" (bateria eta koruak) eta Ander Izeta (baxua eta koruak) izango dira taula gainean. Sarrerak aldez aurretik erosteko (20 euro) www.jaiproductions.net webgunera  jo daiteke edo, nahiago izanez gero, jarraian aipatutako tabernetako batera: Birjiñape, Trinkete, Portalea Taberna, Arno, Terraza, Caserío, Lanbroa (Elgoibar) eta Xagua (Ermua). Egunean bertan, Astelena frontoiko leihatilan ere salgai ipiniko dituzte (25 euro).