Eibarren Euskaraz Bizi Nahi Dut azoka egingo da zapatuan 11.00etatik aurrera

Eibarren Euskaraz Bizi Nahi Dut azoka egingo da zapatuan 11.00etatik aurrera
2013/09/20 00:00
eta kitto!

Bihar goizekoa "bando modukoaren irakurketarekin hasiko da", antolatzaileek diotenez. Eibarren Euskaraz Bizi Nahi Dut izeneko dokumentua Leire Narbaiza ...eta kitto!ko bazkideak eta Elena Stodulka euskaltegiko ikasleak irakurriko dute eta, behin agerraldiko hori irakurrita, elkarteetako eta bildutako jendearekin argazkia aterako da Untzagako eskilaretan.
Jarraian bertaratutakoen sinaketa ekitaldia egingo da eta horrek paso emango dio 14.00ak arte iraungo duen azokari. Hor Eibarren euskera ikasi, erabili eta aberasteko aukera eta baliabideak eskaintzen dituzten elkarte eta erakundeek hartuko dute parte, besteak beste bakoitzak bere lanaren berri emateko: Udal Euskaltegia, AEK, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, Hankamotxak bertso eskola, Udala, Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua, UEU, Badihardugu, Ahotsak.com, Astixa, Zeramika Eskola, Dibujo Eskola, Juan Bautista Gisasola Musika Eskola, Armagintzaren
Museoa, Kezka Dantza Taldea, Klub Deportiboko Kultura Batzordea, Juan San Martin Liburutegia, Ego Ibarra batzordea eta Eibarko Kantuzaleak izango dira parte hartzen.
Azoka 11.00etan zabaldu baino lehen, ordu laurden lehenago-edo, elkarte eta erakundeetako ordezkariei zein herritarrei Untzagako harmailetara gerturatzeko eskatu diete antolatzaileek, talde argazkia ateratzeko asmoa dagoelako. Azokaren inguruan, bestalde, jarduera osagarriak egingo dira goiz guztian zehar: bertso-jokoa, lehiaketa eta musikarekin batera, umeentzako tailerrak eta jolasak izango dira, gazte eta helduendako mintzodromoak funtzionatuko du 12.00etatik 13.00a arte, eta baita Kalamuako Parlamentuak 13.00etik 14.00ak arte. Azokara joaten direnek hainbat sari (Coliseoko ikuskizunetarako sarrerak tartean) irabazteko aukera izango dute orduero, 12.00etan, 13.00an eta 14.00-etan egingo diren zozketetan; horretarako, stand-etan izena eta telefonoa emateko aukera egongo da. Aipatutako guzti horrekin batera, Indianokua gaztelekuak ate irekien jardunaldia egingo du gure herriko euskaltegietan kurtso berrirako izena emateko aukera ere egongo da. Ez galdu, beraz, orain da sasoia-eta.