Jose Kareagaren lanen erakusketa zabalduko dute bihar Zumaian

0    Berriak, Kultura 
Silbia
Jose Kareagaren lanen erakusketa zabalduko dute bihar Zumaian
04 Uzt
10:05

Jose Kareaga Guridi (1930-2008) grabatzaile, pintore, bitxigile eta damaskinatzaile eibartarra hil zela 10 urte betetzen zirela eta, berak egindako artelanen erakusketa zabaldu zuten Portalean iaz, Gabonak aldera. Kareagak egindako lanaren zati bat, batik bat haren margolanak eta grabatuak ikusteko aukera aparta izan genuen eta oso harrera ona izan zuen erakusketak. Horrekin animatuta, bihar Zumaian zabalduko dute erakusketa, 19:00etan. Uztailaren 22ra arte nahi duenak Oxford aretoan ikusteko aukera izango du, astegunetan 18:30etik 20:30era eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.

Zumaiako Udalaren laguntzarekin erakusketa antolatu duten senideek azaldu dutenez, “grabatuaren bitartez izan zuen Josek lehen kontaktua Zumaiarekin. Izan ere, 50. hamarkadan grabatzaile eibartarrak Ignacio Zuloagaren etxe-museoa bisitatzera joaten ziren eta, ondoren, Estaziño kaleko Uranga jatetxean bazkaria egiten zuten. Jose gaztea aita eta aitxitxarekin batera joaten zen eta ordurako pinturarekiko zein Zumaiarekiko grina sentitzen zuen. Handik urte batzuetara, 1962an ezkondu eta udak Zumaian pasatzen hasi zen. Grabadore moduan egiten zuen lanak ez zion margotzeko denbora askorik lagatzen eta, horregatik, bere margolan gehienak jai egunetan eta oporretan egindakoak dira. Beraz, urteekin estudioa Zumaian ipini zuen eta, 2008an hil zen arte, han egoten zen margotzen. Azken koadroa, bera jaio zen “Errebal” kalekoa, oraindik estudioan dago, astoan, pintzelak aldamenean dituela”.

Zumaiako erakusketa zabaltzearekin batera, www.josekareaga.eus web orria ipiniko dute martxan, “horrela ahalik eta jende gehien artistaren lan oparoarekin gozatzeko aukera izan dezan”.

tarjeta J.Kareaga expo_zumaia

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »