Aitor Montero eibartarrak Open EasyRace txapelketa irabazi du

Aitor Montero eibartarrak Open EasyRace txapelketa irabazi du
2022/11/09 09:50
eta kitto!
Aurreko asteburuan Alcañizen jokatutako Motorland Aragon proban azkenean bigarren postuan helmugaratuta, Aitor Montero motorzaleak Open EasyRace txapelketa bereganatu du. Sei puntu besterik ez zituen behar amañatarrak txapela janzteko eta soberan lortu zituen bigarren postu horrekin. Hala ere, Monterok ez du denboraldi erraza izan, hainbat eroriko izateaz gain, Nafarroako lasterketan ez zuelako punturik bereganatu. Barixakuko entrenamendu libreetan motorra prest izan zuen Alberto Villares teknikoak eta Jaime Lopez mekanikoak egindako lanari esker. Zapatuan, bestalde, lehenengo kronoan Aitorrek polea lortu bazuen ere, bigarrenean galdu egin zuen postu hori 50 milesimengatik. Behin lasterketan sartuta, eibartarrak atzetik aurrerakoa egin zuen, zazpigarren itzulian lehenengo postua eskuratzeraino, amaieran bigarrenarekin konformatu behar izan bazuen ere.

Betiko lez, Monterok aldamenean izan dituen guztiak gogoratu nahi ditu txapela lortu duen honetan, Aitor Montero Team-ek eta Team ADN Zero-k osatzen duten tandema batez ere. Ramon Izquierdo, Amaia Heras eta Itsaso eta Eneritz Montero dira, lehen aipatutako Villares eta Lopezekin batera, horietako batzuk.