Errugbia eta pilota, foballarekin batera, kirol asteburuko protagonista

Errugbia eta pilota, foballarekin batera, kirol asteburuko protagonista
2020/02/28 12:15
eta kitto!
Errugbian, neurketa oso garrantzitsuak hartuko ditu Unbek bihar eta etzi, biak ere Ohorezko B Mailako norgehiagokei dagokienez. Bihar 16:00etan hasita gizonezkoen Avia Eibar Rugby Taldeak jaitsieratik ihes egiteko aurkari zuzena izango du Unben, Escor Gaztedi hain zuzen. Eta etzi eguerdian emakumezkoen taldeak lider sendo jarraitu nahiko du BUC Barcelonari irabazita eguerdiko 12:00etatik aurrera jokatuko den partiduan.
Pilotan, Astelena frontoiak profesional mailako binakako txapelketaren kanporaketa izango du domekako jaialdiko partidu nagusian: hor Altua eta Galarzak Laso eta Albisurekin neurtuko dituzte indarrak eta galtzailea txapelketatik kanpo geratuko da. Gaur arratsaldean ere izango da jaialdirik toki berean: 18:00etan hasita afizionatuen mailako hiru partidu izango dira, azkena Udaberri Txapelketakoa jubeniletan.
Foballean, 1. Mailako Eibarrek Levante hartuko du bihar eguerdian Ipuruan, 13:00etan hasiko den partiduan. Emakumezkoen 2. Mailako taldeak Friolen kontra jokatuko du etzi eguerdian, 12:00etan, eta Euskal Ligan jokatzen duen bigarren taldeak Zarautz hartuko du sei ordu geroago. 3. Mailako Vitoria filialak Sestaon izango du norgehiagoka lider izateko aurkari zuzenarekin etzi 18:00etan. Erregional Ohorezko eta, behin Erregionalean sartuta, Ohorezko Mailan Eibar Urko liderrak Touring hartuko du domeka eguerdian (12:30ean) eta 1. Erregionaleko igoera fasea jokatzen duten Urki eta Eibartarrak taldeek bihar aurre egin beharko dieten aurre euren norgehiagokei: Urkik Vasconiaren zelaian (15:30ean) eta Eibartarrak-ek Unben Amara Berri hartuta 18:00etan.
Eskubaloian, 1. Nazional Mailan jokatzen duen Somos Eibarrek Uharte bigarren sailkatua izango du bisitan bihar 18:30ean Ipurua kiroldegian, aurkari zaila benetan. Bestalde, Gipuzkoako 1. Mailan jokatzen duten senior mailako beste bi taldeetako batek, emakumezkoenak, Oskarbi Legazpi hartuko du gaur bertan, 20:30ean, eta gizonezkoenak bihar jokatuko du, 19:00etan hasita, Legazpin Laubideren aurka.
Waterpoloan, Euskal Herriko 1. Mailan jokatzen duten senior talde biek kanpoan jokatuko dute asteburu honetan: gizonezkoen taldeak Fortunaren igerilekuan bihar 15:45ean, eta emakumezkoenak CW 9802 taldearen aurka etxi goizean, 11:30ean hasita.
Saskibaloian, amaitzeko, probintziako 3. Mailan jokatzen duen Avia Eibar Saskibaloiak Oñatin izango du erronka bihar, aurretik duen Mekalki Aloña Mendiren kantxan, 16:00etan hasita.

KIROL AGENDAn ikusi dezakezue asteburuko partidu eta ordutegi guztiak