Mendaroko frontoiak hartuko ditu bihar eta etzi eibartarren pilota partiduak

Mendaroko frontoiak hartuko ditu bihar eta etzi eibartarren pilota partiduak
2022/10/19 08:17
eta kitto!
Astelena frontoiko berritze lanak aurrera jarraitzen duten bitartean, Eibarko Klub Deportiboko pilotariak inguruko frontoietan jokatzera behartuta jarraitzen dute eta, horrela, aste honetan Mendaro, Soraluze, Zestoa, Zaldibia eta Zumarragan izango dira Eibarko ordezkariak. Mendaroko frontoiak bi jaialdia hartuko ditu, bata bihar eta bestea etzi: biharkoan palisten hitzordua izango da eta etzi pilotariena. Paleta Goma binakako Gipuzkoako Txapelketako partidu bi jokatuko dira eguenean, 20:00etan hasita: lehenengoan Unda eta Apariciok Orioko ordezkariei egingo diete aurre, eta bigarrenean Gineak eta Lombrañak Zumarragakoari. Barixakuko jaialdia 19:15ean hasiko da eta, hasteko, Gipuzkoako txapelketako bakarkako azken partiduan, Aleix Del Rey-k Beristain azpeitiarra izango du aurrez aurre. Jarraian Gipuzkoako txapelketako seigarren jardunaldiko binakakoak jokatuko dira: kadete mailan, Patxi Basaras eta Ekain Araolazak Zestoako bikotea izango dute aurkari; jubeniletan, Ibon Ibarra eta Mikel Caramanzanak Lazkaokoa; eta, jaialdia amaitzeko, senior mailako partiduan, Narbaiza eta Agirresarobe Beasaingo Murumendi bikotea garaitzen ahaleginduko dira.

Barixakuak hartuko ditu baita Deporreko pilotarien bestelako partiduak ere. Horrela, Soraluzen Oñatz Urkiaga eta Manex Gisasola Lazkaoko bikotea izango dute aurrean. Eta Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldiko banakako partiduetan, Aratz Amillategik Zestoan izango du erronka bertako Izagirre gainditzeko, Liher Gil Zaldibian izango du berea bertako Aristi aurrean duela, eta Zumarragara joango da Xuban Varona han Garmendiari aurre egiteko.