Olabeko zelaiak Bolunburu Memorialaren edizio berria hartuko du domekan

Olabeko zelaiak Bolunburu Memorialaren edizio berria hartuko du domekan
2020/01/23 13:20
eta kitto!
Bolunburu Memoriala atletismo proba domekan 69. ediziora helduko da eta zaletuek aukera bikaina izango dute Arrateko Olabe zelaian goiz zoragarria bizitzeko. Gainera, probintziako atleta onenak izango dira proban, aurten Gipuzkoako Koparen (Laboral Kutxa Saria) azkeneko proba izango delako eta bertan erabakiko delako zeintzuk jantziko dituzten txapelak. Eibarko Klub Deportiboak eta Eibarko Kirol Patronatoak antolatutako goiz atletikoan bederatzi lasterketa izango dira guztira, hiru ordutik gora iraungo duen egitarauarekin.
Jardunaldia goizeko 10:30ean hasiko da, 20 urtetik beherako emakumezkoekin eta 16 urtetik beherako eta master mailako (beteranoak) gizonezkoekin, 4.200 kilometroko distantzian. Handik ordu erdira, 11:00etan, emakumezkoen lasterketa jokatuko da, 16 eta 18 urtetik beherakoen eta master mailakoen parte-hartzearekin, 3.400 metroko ibilbidea osatzeko. 11:20ean, 6.200 metroko distantzian, absolutu eta 23 urtetik azpiko emakumezkoen lasterketa jokatuko da, 18 eta 20 urtetik beherako gizonezkoekin batera egingo den proban. Handik ordu erdira, 11:50ean, gizonezkoen proba izango da, absolutu eta 23 urtetik azpikoekin, ia 10 kilometroko ibilbidea osatzeko (9.900 metro). Aipatutako lau proba horiek amaituta, gazteenentzako antolatutako beste bosten ordua izango da: 12:35ean infantil mailako neskak irtengo dira, bi kilometro egiteko, eta 12:45ean infantil mailako mutilak, 2.400 metro osatzera. 13:00etan neska alebinen ordua helduko da eta 13:15ean mutilena, kasu bietan 1.600 metro egiteko. Azkenik, 13:30ean Eibarko benjaminen proba (2008an eta 2009an jaiotakoak) hasiko da, 600 metroko ibilbidea osatzeko.