Antzerki Laborategiaren edizio berrian izena emateko aukera egongo da bihartik aurrera

Antzerki Laborategiaren edizio berrian izena emateko aukera egongo da bihartik aurrera
2023/01/19 09:39
eta kitto!
Iaz izandako arrakastaren ondoren, urte berriarekin edizio berria hasiko du Antzerki Laborategiak. Tailerrak Errebal Plazan egingo dira, eraikinaren bigarren solairuan, elebitan, eta taldeak bi mailatan banatuko dituzte: 0 maila eta 1 maila.

0 maila hasiberrientzat izango da (DBH-ko 3. eta 4. mailakoentzat, Batxilergoko 1. eta 2. mailakoentzat, eta helduentzat) eta Aritza Rodriguez aktorea izango da irakaslea. Bi talde egingo dira, bata martitzenetan 16:30etik 18:00etara aritzeko eta bestea eguaztenetan 15:30etik 17:00etara; eta ikastaroa otsailaren 7an hasi eta maiatzaren 31an amaituko da.

1 mailan, ostera, esperientziadun ikasleak egongo dira. Izan ere, maila horretan parte hartzeko ikasleek 0 maila egina izan behar dute. Maila hau, gainera, LH-ko 3. mailatik gorakoentzat izango da eta bost talde antolatuko dituzte. Batetik, LH-ko 3. mailatik DBH-ko 2. mailara artekoentzat bi talde egongo dira (bata, martitzenetan 17:00etatik 18:15era elkartuko da eta bestea eguaztenetan 18:15etik 19:30era). Eta bestetik, DBH-ko 3. mailatik gorakoentzat eta helduentzat hiru talde egongo dira (martitzenetan 18:00etatik 19:30era, eguaztenetan 19:30etik 21:00etara eta eguaztenetan 19:30etik 21:00etara). 1 mailaren kasuan klaseak otsailaren 1ean hasiko dira eta maiatzaren 31an amaitu, eta irakaslea Irene Hernando izango da.

 

Ordaindu beharrekoa

Laborategiaren prezioari dagokionez, LH-ko eta DBH-ko parte-hartzaileek, Eibarren erroldatuta badaude, 40 euro ordaindu beharko dituzte; eta Eibarren erroldatuta ez badaude, 80 euro. DBH-tik gorakoek, ostera, 48 euro ordaindu beharko dituzte Eibarren erroldatuta badaude eta 96 euro Eibartik kanpokoek.

 

Aurrematrikula

Izena eman ahal izateko aurrematrikula egin beharko da bihartik aurrera hilaren 31ra arte eta, horretarako, fitxategi hau bete beharko da. Epea amaitu ondoren, behin-behineko zerrendak osatuko dira eta otsailaren 1ean horren berri emango dute Udalaren webgunean.

Izena eman duten pertsonen kopurua ez bada heltzen ikastaroa emateko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurura, ez da ikastarorik egingo. Ostera, izena eman duten pertsonen kopurua ezarritako gehieneko ikasle-kopurutik gorakoa bada, ikasleen aukeraketa zozketa bidez egingo da otsailaren 2an, 10:00etan, Portalean.

Prozesu hori guztia gainditu ondoren, Antzerki Laborategian parte hartzeko onartuak diren lagunen izenekin zerrendak egingo dira eta otsailaren 3an emango dira jakitera Udalaren webgunean, 12:00etatik aurrera.