Artisau eta baserritarren azokarekin ekingo zaio Euskal Jaiko zapatuari

Artisau eta baserritarren azokarekin ekingo zaio Euskal Jaiko zapatuari
2012/05/25 00:00
eta kitto!

Toribio Etxebarria kalean azoka ipiniko dute zapatu goizean, 10.00etatik 14.00etara 47. Euskal Jaiaren barruan. Eibarko artisauak Igor Unanue (egur-taila), Ana Orozko (bitxiak), Eskulan (beira), E-mendi (larrua), Marta Irusta (zillarra), Eider Díaz (bitxiak), Jone Perales (larrua eta bitxiak), Arrate Espilla (gantxillua), Jose Luis Vivar (egur tailla), Ione Martínez (margotutako erropak), Miren Monasterio (bitxiak), Arrate Bidasoro (aromaterapia), Juncal (margotutako osagarrixak), Mariasun Fernández (margotutako pertxak), Enrique Zialzeta (egur-taila), Iratxe Unanue (margotutako umeendako erropa), Nieves Maidagan (berrikuntzak eta panpinak), Debako Arte Eskola (zeramika eta egur-taila) eta Zeramika Udal Eskola (raku) izango dira; kanpotik etorritakoak, berriz, Felix Larranaga (egur-taila), Cesar Alcoz (forja artistikoa), Nuria Viso (bikiniak eta erropak), Carmén (zeramika), Lorratz (grabatu artistikoa), Katxarrismos (luthier), Garbine Osa (lora sikuak) eta Espiral (alanbria eta jokoak); eta baserritarrak Gisasola, Zelai, Barrundia, Mandiola, Mendigoitxi, Gorostixa, Itturrua eta Sosola.
Bestalde, 11.00etatik aurrera gatzatua zelan egiten den ikasi nahi duenarentzat tailerra egongo da martxan, Sosolako ardi-esnearekin.
Eta azokarekin batera, 12.00etatik aurrera herri-kirolak hasiko dira Idoia Etxeberria eta Beñat Telleria harrijasotzaileekin. Mikel Arrillaga eta Aimar Goenaga bertsolarien saioa ere orduan hasiko da. Eta 12.30etatik aurrera V. herri-kirol lehiaketa jokatuko dute ikastetxeek (Mogel-Isasi, Aldatze, Itzio eta La Salle). AEK euskaltegikoek, berriz, goiz osoan talo postua izango dute martxan.
Eta jaiak gauera arte jarraituko du: 18.30etatik aurrera bertso-triki parranda  irtengo da Untzagako karpatik trikitilari eta Hankamotxak bertso eskolakoekin, 22.00etan kantu-afaria hasiko da karpan eta 23.00ak aldera han bertan kantuek eta erromeriak hartuko dute txanda, eguna agurtzeko.