Gerraren kontrako testuak eta poemak irakurriko dituzte barixaku arratsaldean Portalean

Gerraren kontrako testuak eta poemak irakurriko dituzte barixaku arratsaldean Portalean
2022/04/06 08:31
eta kitto!
Juan San Martin Udal Liburutegiak “Hitzak, liburuak eta liburutegiak gerren kontra” izenburuko poema eta testu irakurketa-saioa antolatu du barixakurako, 19.00etan Portalean. Narratzailea Izaskun Asua izango da eta testuak eta poemak irakurtzen, berriz, Idoia Carramiñana eta Maite Lorenzo arituko dira. Testu batzuk euskaraz izango dira eta beste batzuk gazteleraz.

Antolatzaileen berbetan, “liburutegiek eta liburuek beti jasan izan dituzte erasoak gerretan. Kultura, ezagutza, nahita suntsitu dira historian zehar.Liburutegitik gerren aurkako ahotsa goratu nahi dugu, nahiz eta badakigun historia irakurtzeak eta ezagutzeak ez duela saihesten berriro errepikatzea”.

Ekitaldiak hiru zati izango ditu:

1. zatia: gerraren izugarrikeria. Gerra dator, minezko une bat, haserrezko une bat.

Lorenza Mazzeti, Pedro Carbonell, Agota Kristof, Primo Levi eta Nijole Miliauskaiteren poemak eta testuak irakurtzea.

2. zatia: dolua. Tristura, malenkonia, atsekabea...

Wislawa Szymborska, Bertolt Brecht, Ángel González eta Ingeborg Bachmannen poemak eta testuak irakurtzea.

3. zatia: bizitzarako eta itxaropenerako unea.

Harkaitz Cano eta Angela Figueraren testuen irakurketa.