La Oreja de Van Gogh taldeak kontzertua emango du apirilean

La Oreja de Van Gogh taldeak kontzertua emango du apirilean
2012/01/30 00:00
eta kitto!

Jai Productions enpresak urtebete beteko du otsailean eta, hasierako filosofiari eutsita, "pisuzko apustuekin" aurrera egiteko prest agertu dira enpresako hiru bazkideak. Horregatik, apirilaren 21erako kontzertua antolatu dute La Oreja de Van Gogh taldearekin. Donostiarrak Astelena frontoian izango dira "Cometas en el cielo" disko berria aurkezteko emanaldia eskaintzen. Sarrerak 25 eurotan ipini dituzte salgai jaiproductions.net webgunean eta laster ohiko salmenta-puntuetan erosteko moduan izango dira: Eibarren Ipuruako Terraza, Caserio, Arno, Trinkete, Birjiñape eta Portalea tabernetan; Ermuan Xagua tabernan; Elgoibarren Lanbroa tabernan; eta Durangon Horse tabernan. Egunean bertan Astelena frontoiko leihatilan ere ipiniko dituzte salgai, 30 eurotan. Kontzertua 22.30etan hasiko da eta ateak 21.00etatik aurrera zabalik egongo dira.